Bide librea du Greziak zortzi urtez luzatu den garai gogorrari agur esateko. Eurotaldeak oniritzia eman dio hirugarren erreskatearen laugarren berrikusketari, eta horri esker azken ordainketa bat eskuratuko du herrialdeak. Garrantzitsuena, ordea, aurrera begirako bide orria da: zorpetzearen zama arintzeko neurriak onartu zaizkio gobernuari, azkenik. Hirugarren erreskatea adosterakoan giltzarrietako bat izan zen eskaera hura, baina azken unera arte itxaron dute agindutakoa zehazteko. Greziako Gobernuari arnasa emango dio lorpenak. Abuztuaren 20an finantza erreskateak atzean utziko ditu.
Europan erreskateen aroari agur esateko zigilua eman behar zion Eurotaldeak eutsi zion tradizioari. Atzo 15:00etan hasitako bilera luzatuz joan zen, eta akordioa beste gai batzuk tratatzen ari ziren bitartean negoziatzen aritu ziren gobernuak. Kargua utzi zuen Wolfgang Schaublek, baina horrek ez du Alemaniaren jarrera leundu. Greziak zorpetzea itzultzeko epemuga gehiago atzeratzea nahi bazuen, erreskatearen azken zatian ordainketa txikiagoa eskuratu beharko zuen. Edo alderantziz. Azkenean, gauerdia pasata albistea iritsi zen: erreskatea amaitzeko akordioa prest zegoen.
Itunari jarraituz, Greziak jaso zuen lehen erreskateko zor handiena, ia 100.000 milioi euro, ordaintzen hasteko epea hamar urtez atzeratuko da. Horrek esan nahi du 2022an pagatzen hasi beharrean, 2032an hasiko dela. Halaber, zorpetze horrek zeukan iraupena luzatzea adostu dute. Hots, gutxiago ordaindu beharko du urtero. 2032. urtean egoera berraztertuko dute, eta zorraren zama jaisteko beste aukera batzuk begiratuko dituzte, beharrezkoa balitz. Zorraren %40 ingururi eragingo dio hitzartutakoak.
Horrekin batera, EBZ Europako Banku Zentralak eta euroguneko beste banku zentralek Greziako zorrarekin lkobratzen dituzten interesen dirua bueltatuko zaio herrialdeari, 2022. urtera arte. 1.000 milioi inguru izango dira, eta seihilean behin jasoko ditu ordainak.
Zorra bueltatu ahal izango duela bermatzeko, Greziak agindu du superabit primarioa gutxienez %3,5 izango dela 2022. urtera arte. 2022tik 2060ra batez beste %2,2ko superabit primario bat lortu beharko du herrialdeak, bideragarritasuna ziurtatzeko. Neurri guztiak aintzat hartuta, herrialdeari berriro ere finantza merkatuen ateak zabaldu nahi zaizkio, inbertitzaileei berme gehiago eskainita.
15.000 milioi, azken erreskatetik
2015ean hitzartutako programa nola amaitu ere adostu dute. Greziak azken ordainketa bat jasoko du, 15.000 milioi eurokoa. Diru horretatik 5.500 milioi zorpetzea bueltatzeko erabili beharko du. Gainerakoa erreskatetik ateratzerako dituen erreserbak handitzera bideratuko da. 24.100 milioi izango ditu Greziak erreserba horietan. Hau da, 22 hilabete iraun ditzake finantza merkatuetara diru bila atera behar izan gabe, ekonomiaren egoera okertuko balitz.
86.000 milioi euro arteko maileguak aurreikusi ziren hirugarren erreskatean. Diru horretatik 61.900 milioi eskuratuko ditu gobernuak. Erreskateak hasi zirenetik bukatu arte 288.700 milioi euro jasoko ditu kredituetan, orotara.
Azken zati hau eskuratzeko hartzekodunek eskatu zizkioten 88 neurri zehatzak bete ditu Alexis Tsiprasen gobernuak. Erreskatea amaitzen denean, hartzekodunen agintea atzean utziko du Greziak, baina kontrola ez da erabat desagertuko. Herrialdeari "ikuskaritza indartua" ezarriko zaio. Horrek esan nahi du hiru hilabetean behin Greziaren aurrekontuei eta egoera ekonomikoari buruzko azterketa egingo duela Europako Batzordeak. Erreskatea jaso zuten gainerako herrialdeei ere egiten zaie, baina sei hilabetean behin.
Zortzi urteko krisia
Greziarrek zortzi urteko infernua igaro dute. Hiru erreskate kateatu dituzte jarraian, eta 273.000 milioi mailegatu dizkiete euroguneko beste estatuek eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Trukean, gobernuak erreforma sakonak eta murrizketa gordinak egin ditu: langile publikoen kaleratzeak, soldata jaitsierak, pentsioen murrizketak, pribatizazioak, negoziazio kolektiboaren galera, edo zerga igoerak tartekatu dira prozesu horretan. Funtsean, Europako Batzordeak, EBZk eta NDFk osatutako hartzekodunen troikaren agindupean geratu ziren greziarrak.
Austeritateak faktura utzi du: une jakin batean aberastasunaren laurden bat galdu zuen herrialdeak. Langabezia tasak %27 gainditu zuen, eta, gazteen artean, %50era iritsi. 2011. urtetik 355.000 biztanle galdu ditu herrialdeak.
Tunelaren amaiera ikusten hasi da azken bi urteetan herrialdea, hala ere. Pasa den urtean ekonomia %1,4 handitu zen. Aurten %1,9 eta heldu den urtean %2,3 igotzea da aurreikuspena. Kontuak %0,8ko superabitarekin itxi zituen iaz. Superabit primarioa -interesak eta amortizazioak kenduta- %4,2 izan zen, erreskate programan agindutako %3,5a gaindituta. Langabezia tasak ere zazpi puntu egin ditu atzera, nahiz eta oraindik ere %20tik gorakoa izan.
Greziako zorpetzearen gaineko presioa arindu da, nabarmen. 10 urterako bonuen interesa %36 jasanezin batera iritsi zen 2012an, hartzekodun pribatuen zorrari eginiko kitaren aurretik. Uneotan interesa %4,5 da. Jaitsiera eta guzti, euroguneko altuena da, alde handiz, eta edozein ustekabek ondorio txarrak izan ditzake, Italiako Gobernua eratzean merkatuek izan zuten erreakzioan ikusi zen bezala. Greziak oraindik BPGaren %178 zor du, gehiena euroko bazkideei.
Arrasto politiko sakonak utzi dituen krisia da. Grezian, noski, sistema politikoa irauli zuelako, baina baita kanpora begira ere. Euroaren proiektua bera amildegiaren ertzeraino eraman du. Azken tabua zena apurtzeraino iritsi zen: posible zela herrialde bat eurogunetik ateratzea. Ekonomiaren %1,15 eta populazioaren %2 baino ez ditu Greziak, baina Europa batuaren proiekturako probaleku garrantzitsuena bihurtu da krisiaren joanean.