2012a, oro har, urte zaila izango da euroguneko herrialdeentzat, eta, batez ere, finantza erreskatea eskatu behar izan duten hiru kideentzat: Grezia, Irlanda eta Portugalentzat.
Grezian, ekonomiak atzera egingo du bosgarren urtez jarraian —%2,8, Atenasen aurreikuspenen arabera— eta langabeen kopurua igo egingo da —%15,4tik %17,2ra—. Baina Envangelos Venizelos Finantza ministroak aurreratu du gobernuak ez duela asmorik murrizketa neurri gehiago hartzeko. «Soldatak eta pentsioak ez ditugu jaitsiko, eta ez dugu beste zergarik sortuko». Aurten onartutako neurri guztiak indarrean jartzea izango da Atenasen datorren urteko betebeharra.
Portugali, aldiz, neurri gehiago hartu beharko dituela ohartarazi dio troikak, Europako Batasuneko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko ikuskatzaileek osatutako taldeak. Orain arte jarritako etxeko lanak txukun bete dituelako, maiatzean hitzartutako 78.000 milioi euroko erreskatearen hirugarren zatia —8.000 milioi euro— jasotzeko moduan izango da Lisboa. Baina okerrena iristear dagoela argudiatuta, funtzionarioen soldatak are gehiago jaisteko agindu dio ikuskatzaile taldeak, bestela ez delako gai izango defizita hitzartutakoa adina murrizteko. Defizitari jarritako muga errespetatzea funtsezko baldintza da finantza laguntza jasotzeko .
Irlandako Gobernuak ere neurri gehiago hartzeko asmoa du. Baina asmo horren berri ez du Irlandak berak eman, Alemaniako Parlamentuak baizik, Europako Batzordetik irtendako filtrazio baten ondorioz. Irlandan itzelezko ezinegona sortu du horrek. Horregatik, Europako Batzordearen aurrean kexa errekurtso bat aurkeztu du Dublinek.
Zorraren krisia. EBren geroari buruzko eztabaida
Greziak ez du beste neurririk hartuko 2012an
Aurten onartutako murrizketa neurri guztiak indarrean jartzeak nahiko lan emango dio Atenasi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu