Greziak hartu dituen zorrak ordaindu ahalko dituela ziurtatu du Trichetek

Greziako bonoen interesak gora egin du berriro, eta burtsen kotizazioa jaitsi da merkatu gehienetan

Ivan Santamaria.
2010eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak ez du zalantzarik: Grezia gai izango da konpromisoak betetzeko, eta hartu duen zorra ordaintzeko. Tricheten ustez, «sinesgarriak» dira Giorgos Papandreuren gobernuak defizit publikoa murrizteko iragarri dituen neurriak. Merkatuek ez dute horren argi, ordea. Atzo, berriro ere, Greziako bonoek ordaindu beharreko interes tasak gora egin zuen. Kontinenteko burtsa gehienak erori ziren, zalantza horietan murgilduta.

Hilero egiten duen bileran, EBZko kontseiluak espero zen erabakia hartu zuen. Hala, beste hilabete batez gutxieneko historikoetan jarraituko dute interes tasek, %1. Heldu den hilabetean urtebete egingo du tasak kopuru horretara jaitsi zirenetik, eta bankuak aurki igoko dituela pentsatzeko arrazoirik ez dago.

Edonola ere, Greziako arazoei azalpenak ematen igaro zuen kontseiluaren osteko agerraldiaren parterik zabalena Trichetek. Haren aburuz, Euroguneko herrialdeetako gobernuburuek joan den martxoaren 25ean sinatu zuten oharra «konpromiso irmoa» da.

Greziari laguntzeko moduan adostasuna badago ere, ez da oraindik erabat argitu nola gauzatuko den erreskatea. Hori dela eta, herrialdeko zorra berriro ere inoiz baino garestiago jarri zen atzo. Greziako Gobernuak esana du bonoen truke merkatuetan eskatzen ari zaion interesa -%7 baino gehiago dagoeneko- ezin izango duela onartu. Hala bada, Euroguneko herrialdeen eta NDFren laguntza bilatu beharko du. Oraindik ez da zehaztu operazio horren truke Greziak ordainduko beharko lukeen interesa, eta Trichetek ere ez zuen argitu auzia. «Gobernuei dagokien erabakia da», laburbildu zuen. Atzo, berriz, Europako Batzordeak ziurtatu zuen ez dela iritsi erreskatea martxan jartzeko tenorea.

Hirugarren jaitsiera eguna izan zuen Atenasko burtsak atzo, %5 erorita. NDFko aditu talde bat gobernuari aholkuak ematen hasi izanak ez ditu baretu merkatuak. Greziak 300.000 milioi euroko zorrak pilatu ditu, eta defizit publikoa %12,9 da.

Zurrunbiloa Europako burtsa gehienak eta euroa jaitsarazi zituen atzo. Frantzian eta Alemanian, batez ere, bankuen eta finantza sektoreko erakundeen kotizazioak atzera egin zuen.

Inflazioa kontrolpean

Egoera ekonomikoari dagokionez, hazkunde «moderatua» espero du EBZk datozen hilabeteetan. Hala ere, Trichetek ohartarazi zuen suspertzea trabatu duten arazoak egon direla aurtengo lehen hiruhilekoan, eguraldi txarra batez ere. Bestalde, petrolioaren eta lehengaien prezioa igo bada ere, inflazioa kontrolpean dagoela uste du, epe erdira nahiz luzera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.