Eurotaldeak Atenasi barikura arteko ultimatuma eman eta gero, erlojua inoiz baino gehiago dute kontra bi aldeek, eta giroa gero eta tenkatuago dago itun bat lortzeko. «Guk ez dugu xantaiarik egiten, baina ez dugu utziko guri xantaiarik egiten ere». Alexis Tsiprasek argi laga du hauteskundeetako garaipen zabalean herritarrekin hartutako konpromisoari ez diola uko egingo. «Austeritaterik eta erreskate programarik gabeko akordio baten alde ari gara lanean, troikaren zati toxikorik gabeko itunaren alde».
Azken bide horretatik, Atenasko gobernuko iturriek atzo iluntzean iragarri zuten erreskateak emandako maileguen lau hilabeteko luzapena eskatuko dutela. Astelehenean Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioak proposatutako konponbideari heldu nahi dio Greziako Gobernuak, euroguneko kide gehienek dagoeneko baztertu duten arren. Labur esanda, Atenasek maileguak jasotzen jarraitu nahi du, eta agindu du horien truke erreformak egingo dituela, baina berak erabaki nahi du zein neurri hartzen dituen eta zeintzuk ez. Besteak beste, krisi humanitarioari irtenbidea bilatzea eta Greziari eskatutako superabita jaistea nahi dute.
ZERGATIK EZ DIRA ADOS JARTZEN EB ETA ATENAS?
Hilaren 28an amaituko da Greziaren bigarren erreskate programaren luzapena. Egun horretatik aurrera Atenasek ez du troikaren finantza laguntzarik jasoko, eta kiebran eror daiteke. Egoera hori saihesteko, Eurotaldeak erreskatearen luzapen bat eskatzeko eskatu dio Tsiprasen gobernuari, baina hark ezetz dio. «Ez dugu erreskatearen luzapenik sinatuko buruan pistola bat jarrita ere», esan du Gavriil Sakelaridis gobernuko bozeramaileak. Orain arteko erreskate biek austeritate gogorra ekarri diote greziarrei, eta ekonomia %25 txikitu da bost urtean. Austeritatea amaitzea agindu zuen Syrizak, eta horregatik irabazi zuen. Orain ez dago bere berba irensteko prest.
ZER GERTATU ZEN HERENEGUNGO BILERAN?
Gianis Varufakis Greziako Finantza ministroa sinatzeko prest zegoen testu bat aurkeztu zuen Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioak, baina azken unean Eurotaldeko buruak, Jeroen Dijsselbloemek beste testu bat aurkeztu zuen baldintzetan «malgutasuna» agindu arren funtsean erreskatearen luzapena eskatuz. Varufakisek ez zuen sinatu, eta hortxe amaitu zen bilera. Tsiprasen ustez, Eurotaldeak Moscoviciren testua baztertu izanak erakusten du «Grezia ez eze, Europa ere arriskuan jartzen ari den jendea dagoela».
ZER TARTE DAGO AKORDIORAKO?
Gero eta estuagoa da tartea, denbora kontra dutelako bi aldeek. Tsiprasek itun zubi bat nahi du abuztura arte, bitarte horretan Greziaren etorkizuneko finantzaketa laguntzari buruzko benetako negoziazioak izateko. Atenasek ez ditu luzatu nahi erreskateko baldintzak; soilik mailegua luzatu nahi du, eta prest dago erreskateko erreformen %70 betetzeko. Eurotaldearen esanetan, ez dago luzapena beste aukerarik. Norabide bakarreko zubian alde banatatik aldi berean sartzera doazen bi auto dira EB eta Atenas, batek galga zapaldu behar du noizbait, baina galga nork azken sakatu lehiatzen ari dira.
ATENASEK BADAUKA LAGUNIK EUROTALDEAN?
Ez. Frantziak agertu du jarrerarik gertukoena, edo behintzat ulerberena, baina keinuak baino ez dira izan. Hamazortzi baten kontra ari dira Bruselan. Halere, aipagarria da Barack Obama AEBetako presidenteak Tsipras babestu zuela hilaren hasieran, Alemaniari Greziari presio gehiago ez egiteko iradokiz. Gainera, Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak eta Financial Times kazeta ekonomiko liberalak ere Atenas babestu dute egunotan.
KAPITAL UGARI ARI DA IHES EGITEN GREZIATIK?
Oraindik alarma gorririk piztu ez bada ere, ziurgabetasun egoera luzatzen ari den neurrian kapital ihesa ere handitzen ari da Grezian. JP Morganen arabera, astean 2.000 milioi euro galtzen ari dira Greziako bankuak. Beldur nagusia Zipren gertatu zen corralito-aren antzeko bat gertatzea da Grezian ere. Jendea urduri jartzen bada eta bankuetatik dirua ateratzen hasten bada, baliteke banka sistemak krak egitea eta kapital kontrolak ezarri behar izatea. Gainera, Greziako bankuek likidezia galduko balute, EBZk finantzaketa iturria itxi beharko lieke, legearen arabera laguntza emateko bankuak kaudimendunak izan behar direlako. Burtsak ezkor baina neurritsu erantzun dio orain arteko itunik ezari: Atenasko burtsak %2,45 egin zuen behera atzo.
EBZ ZERTAN ARI DA?
EBZk Larrialdiko Likidezia Lerro ELAren bidez hornitzen ditu Greziako bankuak. Bankuek 65.000 milioi euro ere eskuratzeko aukera dute, baina EBZk astero ikuskatzen du ELA, astero berretsi edo ezeztatu dezake laguntza. Gaur du bilera EBZk, baina ez dirudi Atenasi iturria itxiko dionik akordioa lortzeko epea amaitu baino lehen.
ETA GREZIAK LUZAPENIK ESKATZEN EZ BADU?
Ez da mundua amaituko, baina kalte handiak eragin ditzake bai Grezian eta bai eurogunean. Greziak dirua behar du, eta ez dauka dirurik. Orain troikatik jasotzen du diru laguntza —luzapena eskatuz gero, 14.600 milioi euro inguru jasoko lituzke troikaren eskutik—, eta hori barik ez da gai bere kabuz finantzatzeko. Txinaren edo Errusiaren atean jota proba dezake, edo kiebra aitortu eta ordainketak eten behar lituzke, eta horrek eurogunetik kanporatuko luke, eta, beraz, EBtik. Greziako barne funtzionamendurako eguneroko gastuei aurre egiteaz gain, abuztura bitartean 12.000 milioi euro bueltatu behar dizkie EBZri eta NDFri. Bestetik, Troikak, eta EBko estatuek tartean, 240.000 milioiko erreskateetan jarritako dirua galtzeko arriskua lukete, eta eurogunea hautsita, domino efektuaren beldurrak merkatuak aztoratuko lituzke.