Azkenean, iritsi da Greziako Gobernuaren eta Europako Batasuneko erakundeen arteko akordioa. Giannis Sturnaras Greziako Ekonomia ministroaren arabera, Atenasek denbora gehiago izango du bere erreformak egiteko eta kontuak txukuntzeko, eta aurki eskuratuko du 31.500 milioi euroren mailegua. Europako Batasunak edo Europako Banku Zentralak (EBZ), ordea, esan du artean ez dagoela ezer lotuta.
Duela lau hilabete osatu zenetik darama Greziako Gobernuak troikarekin negoziatzen. Elkarrizketa horien helburua da bigarren erreskatearen azken zatia desblokeatzea. EBk, EBZk eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ez diote Atenasi diru gehiago utzi nahi, beren ustez derrigorrezkoak diren gastu murrizketak eta erreforma ekonomikoak indarrean jarri aurretik.
Troikarekin ez ezik, beren artean ere negoziatzen ari dira Greziako Gobernuko hiru partaideak, ND kontserbadorea eta zentro-ezkerreko PASOK eta Dimar koalizioa.
Mailegurik gabe, Atenas soldatak, pentsioak eta beste gastuak pagatzeko dirurik gabe gera daiteke azaroan. Maileguaz gain, Atenasek denbora gehiago nahi du maileguak itzultzen hasteko,erreformak egiteko eta defizita %3ra jaisteko. Alemaniako prentsak dio 2014tik 2016ra luzatu diotela epea.
«Gaur, luzapena lortu dugu», azaldu zuen Sturnarasek parlamentuan. Azalpen gehiago ez zuen eman, haren arabera, akordioa bihar aurkeztu behar duelako Eurotaldeko teknikarien aurrean. Halaber, ministroak azaldu du neurriak bi legegaitan bilduko dituztela, eta datorren astean bidaliko dituztela parlamentura, azaroaren 12a baino lehen onar daitezen.
Lan merkatuaren erreforma
Ekathimerini egunkariaren arabera, troikak onartu egin du berak proposatutako lan merkatuaren erreforma zertxobait biguntzea. Horrela, enpresa batean denbora luzea daramaten langile kaleratuen kalte-ordaina ez dute mugatuko troikak eskatu bezainbeste: lehen hamasei urteetako lanaren truke soldataren araberako kalte-ordaina jasoko dute, eta gehienez 2.000 euro hortik gora. Bikote ezkonduen aldeko laguntzari ere eutsiko dio Greziak.
Sturnarasen iragarpenari ur hotza bota dio Europak. «Greziarekiko negoziazioetan aurrera egin dugu nabarmen, baina gai batzuk geratzen dira lotzeko», esan du Simon O'Connor EBko gai ekonomikoetarako bozeramaileak. Antzeko mezua eman du Mario Draghi EBZko presidenteak ere: «Nik dakidanez, aurrera doaz negoziazioak». Draghi Alemanian izan zen atzo, hango diputatuei sinetsarazten Espainiaren edo Italiaren zorra erosteak ez duela ondorio txarrik izango.
Greziak ziurtatu du bi urteko luzapena lortu duela
Atenasko gobernuak iragarri du baduela akordio bat troikarekin, baina Europak dio artean ez dela itxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu