EBZk Larrialdiko Likidezia Lerro ELAren bidez hornitzen ditu Greziako bankuak. Bankuek 65.000 milioi euro ere eskuratzeko aukera dute, baina EBZk astero ikuskatzen du ELA, astero berretsi edo ezeztatu dezake laguntza. EBZko gobernu kontseiluak bi aste barru berrikusiko du, eta bi herenen gehiengoa beharko luke laguntza ezeztatzeko.
Atenasek maileguak jasotzen jarraitu nahi du, eta horien truke erreformak egingo ditu. Baina berak erabaki nahi du zein neurri hartzen dituen eta zeintzuk ez. Besteak beste, krisi humanitarioari irtenbidea bilatzea eta Greziari eskatutako superabita jaistea nahi dute.
Bestalde, Prokopis Pavlopulos kontserbadorea Greziako presidente aukeratu dute. Greziako Parlamentuko 300 parlamentarietatik 180ren babesa behar zuen Pavlopulosek, eta 233rena izan du. Gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdiez gain —Syriza eta ANEL—, Demokrazia Berriak onartu du haren izendapena.
64 urte ditu Pavlopulosek, eta 2004tik 2009ra bitartean Greziako Barne ministro izan zen bi aldiz.