Greziako Gobernua eta hartzekodunak akordioa lortzear dira

Bankuek zorraren %65-70 barkatuko diote, ezinbesteko baldintza bigarren erreskatea jasotzeko

jakes goikoetxea
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Greziak bigarren erreskatea jasotzeko aukera gehiago ditu. Greziako Gobernuak eta Nazioarteko Finantza Institutuak (IIF) atzo arratsaldean esan zuten akordioa lortzear zeudela, Greziari zorraren zati handi bat barkatzeko. Hartzekodun pribatuek, hau da, bankuek zorra barkatzea ezinbesteko baldintza da Greziak bigarren erreskatea jasotzeko. Urrian zorraren erdia barkatzea hitzartu zuten. Atzoko informazioen arabera, %65 eta %70 bitarte barkatuko diote, hau da, hiru eurotik bi. 130.000 milioi euro inguru guztira. Greziak 200.000 milioitik gora zor die hartzekodun pribatuei. Lerro hauek idazteko orduan bi aldeak bilduta zeuden.

Greziak presa du, martxoaren 20an 14.500 milioi euro bueltatu behar baititu, eta ez baitauka dirurik. Bigarren erreskatearen bidez, alde batetik, Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak 109.000 milioi euro inguru utziko lizkiokete; bestetik, orain arte jasotako maileguen baldintzak samurtu, interesak jaitsi (%5etik %3,5era) eta bueltatzeko epeak luzatu, zazpi urte eta erditik hamabost eta 30 urte artera.

Gobernua IIFrekin ari da negoziatzen, Atenasen. IIF munduko banku nagusien elkartea da, eta hura ari da hartzekodun pribatuak ordezkatzen. Europako Batasuneko agintariek urrian IIF presionatu zuten, bankuek beren borondatez Greziari zorra barkatzea onar zezaten, herrialdearen porrota saihesteko. Gehienek txalotu egin zuten konpromisoa, baina batzuek gogoratu zuten deabrua zehaztasunetan dagoela.

Greziako zenbait egunkarik ustezko akordioaren zenbait xehetasun argitaratu zituzten. Proto Thema egunkariaren arabera, hartzekodun pribatuek zor bonu berriak jasoko dituzte zaharren ordez. Bonu berrien bitartez, dirua beranduago bueltatuko dute, baita 30 urte barru ere. Zenbat eta lehenago bueltatu, hartzekodunek interes apalagoak jasoko dituzte. Atzo kaleratutako albisteen arabera, interesak %3,1 eta %4,9 bitartekoak izango dira. Hartzekodun pribatuek %8ko interesak eskatu zituzten.

Zorraren zati handiena barkatuta eta bigarren erreskatea jasota ere, Greziaren etorkizuna beltza da. Euroguneko agintarien kalkuluen arabera, 2020an BPGaren %120ko zor publikoa izango du.

Barkamena ez da doan. Greziak eta greziarrek badakite. Neurri gehiago hartzera behartuko dituzte gastuak murrizteko, zergak igotzeko eta jabetza publikoak saltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.