ekonomia

Greziako Gobernuak eta alderdiek murrizketa gehiagori buruzko akordioa lortu dute

Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak egindako eskaerari buruz bilera luzea egin dute, nazioarteko finantza laguntza gehiago jasotzeko. Gobernuak gaur bertan lortu nahi du akordioa Europarekin.

2012ko otsailaren 9a
18:13
Entzun

Greziako Gobernuak eta alderdiek azkenean lortu dute murrizketa gehiagori buruzko akordioa. Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak egindako eskaeraren inguruan ordu askoan eztabaidatu ostean erdietsi dute akordioa. Ondorioz, nazioarteko finantza laguntza gehiago jasotzeko baldintzak bete ditu Greziak.

"Ez genuen beste ihesbiderik", esan du arratsaldean Pantelis Kapsis gobernuko bozeramaileak. Orain Greziako Legebiltzarrak balekoa eman beharko dio; igandean edo astelehenean izango da batzarra.

Bigarren erreskatearen truke (130.000 milioi euro), murrizketen artean daude gastu publikoa barne produktu gordinaren (BPG) %1,5 gutxitzea (3.300 euro inguru), gutxieneko soldata 751 eurotik 600 eurora gutxitzea, mila eurotik gorako pentsioei %20 kentzea eta funtzionarioak kaleratzea (15.000 aurten).

Euroguneko Finantza ministroak Bruselan bilduta daude, Greziaren bigarren erreskatea aztertzeko. Evangelos Venizelos Finantza ministroa itxaropentsu agertu da, eta Eurotaldeak erreskate planaren inguruan "erabaki positibo bat" hartzea espero du. Kapsisek esan du gaur bertan lortu nahi dutela akordioa Europarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.