ekonomia

Greziarako Argentinaren eredua nahi du Syrizak

2001ean krisitik irteteko Argentinak hartutako bidea goretsi du Tsiprasek: ekonomia solidarioa, banku publikoak, kooperatibak... Azken inkestek diote gaur egun ezkerreko koalizioa litzatekeela Greziako lehen indarra.

2012ko abenduaren 24a
10:21
Entzun

Grezian gero eta indar handiagoa du Syriza ezkerreko koalizioak. Azken hauteskundeetan bigarren indarra izan zen, eta azken inkestek diote gaur egun lehen indarra litzatekeela. "Niri ez zait komeni bozak aurreratzea [2016an lirateke], itxarotea baizik. Baina Greziako herriari ez zaio komeni itxarotea, ezin du", esan du Alexis Tsipras Syrizako buruzagiak. Izan ere, herrialdea krisi sozial eta ekonomiko sakonean da. Hark badu eredu bat: Argentina.

Hain zuzen, 2001ean krisitik ateratzeko Argentinak hartutako bidea laudatu du Tsiprasek: ekonomia solidarioa, banku publikoak, kooperatibak... Dena dela, aitortu du Greziak ezingo lukeela bide beretik jo, "Argentinakoa munduko ekonomiarik boteretsuenetakoa baita. Greziak ez du haren ekoizpen gaitasunik".

"Garrantzitsuena joerak" aztertzea dela adierazi du. Hala, uste du Greziak ikasi egin dezakeela Argentinan, Bolivian eta han inguruko beste herrialde batzuetan dauden esperientzietatik, "liberalismoaren osteko aro bat bizitzen ari baitira".

"Bide alternatiboak" badaudela erakustea da Syrizaren erronka, Tsiprasen arabera. "Ezkerra beti jo izan da dogmatiko bezala, baina orain dena aldatzen ari den garai hauetan, galdera da: zein da dogmatikoa?". 

"Murrizketekin hazkuntzarako aukera oro eragozten" ari direla salatu du, eta "Greziako herria shock egoeran" dela horregatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.