Krisi ekonomikoa hasi zenetik —2008-2009tik— gaur arte, Angela Merkel ez da sekula joan Greziara —bidaia instituzionalean bederen—, baina Greziari buruzko hamaika erabaki ekonomiko hartu izan ditu. EB Europako Batasuneko herrialderik garrantzitsuena da Alemania, EBko kide Grezia krisi handian da, Europaren ibilbidea baldintzatzeraino, eta, ustez, horregatik da Merkel harekiko erabakiak hartu beharrean, greziar herritarrak amorratzeraino.
Gaur hara joan da —Atenasera; 12:30ean iritsi da—, eta Poliziak neurri gogorrak hartu ditu, istiluak saiheste aldera: Atenasko kale eta inguru askotan protesta egitea debekatu du. Syntagma-Omonia ardatzean egingo direnak baimenduta daude, baita Greziako Legebiltzarraren aurrean egindakoak ere. Gainera, parlamentuaren kanpoan eta hiriburuaren erdialdean zazpi mila polizia daude, eta Merkel ibiliko den eremuak itxi dituzte ibilgailuentzat eta oinezkoentzat. 1999an Bill Clinton AEBetako orduko presidentea Greziara joan zenetik ez zituzten hartu horrenbesteko neurriak.
Antonis Samaras Greziako lehen ministroarekin batzartu da Merkel. Greziak "aurrerapauso asko" egin dituela onartu du, baina nabarmendu du neurri gehiago beharrezkoak direla: "Arazoa orain ez badugu konpontzen, askoz okerragoa izango da gero". Samarasek, berriz, esan du krisi ekonomikoa amaitzeko "beharrezko neurriak" hartuko dituela Greziak, baina "oxigeno apur bat" eskatu du.
Eragile askok protestak antolatuak dituzte. Adibidez, sindikatu garrantzitsuenek hiru orduko lanuztera deitu dute, baita manifestazio batera ere. Milaka lagun atera dira kalera. Poliziak dozena bat lagun atzeman ditu, eta negar egiteko gasa bota die manifestariei.
Merkel jarrera onarekin joan dela esan du Guido Westerwelle Alemaniako Kanpo Harremanetarako ministroak. "Greziako Gobernuaren lana aitortuko du. Greziak aurrekontu eta zorraren krisi larria konpontzeko egindako ahaleginari keinu bat egingo dio Europak".
Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroak egin ditu txanponaren beste aldeko adierazpenak. Hau da, bisitak ez duela esan nahi Greziari erreformak gauzatzeko presioa murriztuko diotenik, epeak txikitu dizkiotenik eta finantza laguntza gehiago emango diotenik. "Kontua hori da; beste guztia fantasia baino ez da", adierazi du Schaublek.
Troikak —Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak— hil honetan egingo du Greziari buruzko txosten berria, eta hor ikusiko da horrek noiz egin beharko duen erreskatearen hurrengo ordainketa.
"Grezia lagundu egin nahi dugu", azaldu du Merkelen bozeramaile Steffen Seibertek, baina ez dio garrantzi berezirik eman kantzillerrak Atenasera egingo duen bidaiari. Seiberten arabera, Samaras Greziako lehen ministroak bisita gonbidapena egin zion Merkeli, eta hark baiezkoa eman dio, "besterik gabe".
Ez da bildu Syriza alderdiarekin
Samarasekin ez ezik, Karolos Papulias Greziako Errepublikako presidentearekin, enpresariekin eta Pasok alderdiko liderrarekin bildu da. Ez oposizioko buruarekin: Alexis Tsipras Syriza ezkerreko alderdiko arduradunarekin. "Gobernua banku eta kapitalaren menpe dagoela baino ez da ikusiko bisita honetan", esan du Tsiprasek.
Alemaniako nagusia 2007an izan zen azkeneko aldiz Grezian; orduan ere, Atenasen. 2005eko azarotik da kantzillerra.