Greziako gobernuak kreditu emaileei bidalitako azken proposamenak harrera ona izan du, hasiera batean. Jerome Dijsselbloem eurotaldeko presidentearen ustez, negoziazioak berriro abiatzeko balio du azken mugimendu horrek. Ez dago akordiorik, oraingoz, baina astearen joanean lortzeko aukera zabalik utzi du Dijsselbloemek, eta horretarako eurotaldearen beste bilera bat deitzeko prest daude.
Eurotaldeko finantza ministroek eta NDFk bilera laburra izan dute gaur goizean. Batzarraren ondoren, eurotaldeko presidenteak eta Pierre Moscovici Finantza komisarioak hartu dute hitza. Dijsselbloemen ustez, proposamen "zabala eta osatua" da, baina orain pare bat egun behar dituzte instituzioek xehetasunak aztertu eta kalkuluak egiteko.
Moscovicik ere "oinarri sendo eta globala" badela ziurtatu du. Tsiprasen gobernuak BEZari eta erretiro aurreratuari buruzko aldaketa batzuk findu ditu azken proposamen horretan.
Lehenago, EBZ Europako Banku Zentralak Greziako bankuei ematen dien laguntza beste 2.000 milioi eurotan handitzea erabaki du, Financial Times egunkariaren arabera. Berriro bilduko da bihar EBZ, bankuei emandako premiazmo likidezia horren egoera aztertzeko.
Europako Kontseilua, arratsaldean
Iragan asteko bileran akordiorik lortu ez, eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak "larrialdiko bilerara" deitu zuen gaurko. Goizeko eurotaldean akordiorik ez dagoen arren, bilera horri eutsiko diote. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da.
Bilera horren beharrari buruz galdetuta, Europako gobernuburuek iritzi ezberdina emateko aukera dutela esan du Moscovicik.
Ekainaren 30ean, Greziak NDFri 1.600 milioi ordaindu behar dizkio NDFri, eta egun berean agortuko zaio otsailaz geroztik luzatutako bigarren erreskatea —oraindik jaso ez dituen 7.200 milioiak—. Lagardek ostegunean nabarmendu zuen Atenasek hilaren amaieran ordainketa egiten ez badu, default egoeran deklaratuko du NDFk. Hau da, ordainketak etenda, zordun.
Akordio baten peskizan, beste proposamen bat luzatu zien atzo Tsiprasek Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari, Francois Hollande Frantziako presidenteari eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari. Martin Selmayr Europako Batzordeko presidentearen kabinete buruak nabarmendu duenez, "aurrerapausoak emateko oinarri egokia" da Tsiprasen eskaintza.