GREZIA

Greziaren erreskate programaz hitz egiteko bilera egingo du gaur eurotaldeak

Alexis Tsiprasek gobernu programa aurkeztuko du gaur Greziako Parlamentuan.

Jeroen Dijsselbloem eurotaldeko presidentea. JULIEN WARNAND / EFE
2015eko urriaren 5a
11:06
Entzun

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak hauteskundeak irabazi zituenetik lehen aldiz bilduko da eurotaldea, Greziarentzako erreskate plana ezartzeko pausoak zehazteko asmoz. Bilera laburra izatea espero da, eta Greziari erreskatearen lehen zatiaren 3.000 milioi euro mailegatzeko Atenasek bete behar dituen helburuak zehaztea izango dute helburu.

Eztabaida teknikoak hasi dira jada, eta "laster" adostuko dituzte lehen neurriak, eurotaldeko iturrien arabera. Horiek beteta egingo dute 2.000 milioiko ordainketa. Gainerako 1.000 milioiak bigarren neurri sorta betetzean mailegatuko dizkiote Greziari; horiek "eztabaidatzen hasi" behar direla azaldu dute eurotaldeko iturriek.

Syrizak irailaren 20an irabazi zituen Greziako Parlamenturako hauteskundeak, eta, horrela, lehen ministro karguan jarraitzen du Alexis Tsiprasek. Gaur aurkeztuko du gobernu programa parlamentuan. Hiru egunez luzatuko da eztabaida, eta asteazkenean egingo dute gobernu berriarekiko konfiantza bozketa.

Espero da Tsiprasek nabarmentzea erreskatearen truke hartu beharreko neurriak berehala ezartzeko asmoa, baina baita neurri horien eragin negatiboak murrizteko beste neurri batzuen berri ematea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.