Europako Batasuna

Greziari erreskatearen hurrengo partea ematea onartu du Eurotaldeak

8.300 milioi euro jasoko ditu herrialdeak, baina horietatik 2.000 milioi baldintzapekoak izango dira.

Irakasleen protesta bat troikaren aurka. ORESTIS PANAGIOTOU, EFE
Ivan Santamaria.
2014ko apirilaren 1a
09:42
Entzun

Greziako gobernuak troikarekin hitzartuta duen bide-orria betetzen dela egiaztatu nahi du Eurotaldeak, laguntza osoa eman baino lehen. Hori dela eta, hurrengo ordainketa hiru partetan banatzea erabaki du. Orain arte egindako ahalegina aintzat hartuta, erreskate funtsak lehenbiziko 6.300 milioi euroak bideratzea espero da. Bigarren eta hirugarren ordainketak, mila milioikoak, baldintzapekoak izango dira, ordea: troikak ezarri dituen mugarriak betetzen direla ikusten denean jasoko ditu Greziak.

Lehenbiziko ordainketa apirilaren bigarren erdian iristea espero da. Izan ere, Antonis Samaras lehen ministroaren gobernuak maiatzean zor ordainketa handi bati egin beharko dio aurre. Troikak exijitutako hainbat neurri onartu zituen Greziako parlamentuak joan den igandean. Besteak beste, esnearen edo botiken sektoreak liberalizatzea. Botikariek greba egin izan dute azken egunotan neurri horien aurka.

Zazpi hilabetez negoziazio luze eta korapìlatsuak izan dituzte gobernuak eta troikak. Ohar baten bidez, Eurotaldeak azaldu du eskertzen dituela greziarrek egin dituzten "ahaleginak". Hala, 2013. urterako jarrita zeuden aurrekontu helburuak gainditu direla adierazi du, eta aurten betetzeko bidean daudela ere uste du. Finantza baliabideak handitzeari esker, zorpetzearen parte handiago bat ordaintzea eta "gizarte kohesioa sustatzeko" ordainketaren bat egin ahal izatea aurreikusi du Eurotaldeak.

Datozen hamabi hilabeteetarako erreskate programa finantzaturik dago. Hasiera batean, urtea amaitzen denerako Grezia erreskatetik ateratzea aurreikusi zen, baina Europako erakundeek ez dute baztertu hirugarren erreskate bat behar izateko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.