ekonomia

Greziari zorraren erdia barkatuko diote eta Europako bankuei berriro emango diete dirua

Europa Batasuneko herrialdeek eta bankuek bart lortu dute akordioa. Greziari beste 130.000 milioi euro emango dizkiote, gainera. Europako erreskate funtsa bilioi bat eurorekin hornituko dute. Txinari parte hartzeko ateak zabaldu dizkiote.

2011ko urriaren 27a
13:21
Entzun

Zortzi orduz bilduta egon ostean lortu dute Europa Batasuneko gobernuburu eta estatuburuek eta bankuek "merkatuetan konfiantza berreskuratzeko eta zor publikoaren krisia gehiago ez zabaltzeko" akordioa, Bruselan: Greziari zor publikoaren erdia barkatuko diote, Europako bankuei berriro emango diete dirua eta erreskate funtsa bilioi bat eurorekin hornituko dute —440.000 milioi eurokoa zen gaur artekoa—.

"Euroguneko kideok pauso handia eman dugu. Salbuespen neurriak dira, salbuespen garaietan gaudelako", esan du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak goizeko lau eta erdietan.

Greziari, zorraren erdia kitatzeaz gain, beste 130.000 milioi euro emango dizkiote, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak esan duenez. Gaur egun Barne Produktu Gordinaren %145eko zor publikoa du, eta laguntza horiekin defizita %120 jaitsiko luke 2020rako. Uztailaren 21ean hango arlo pribatuaren zorraren %21 barkatzea hitzartu zuen Europak. 

Erreskate plan berriaren arabera, Grezia 2014an itzuliko litzateke atzera merkatura, eta bere burua finantzatzeko moduan legoke.

Europako agintariek uste dute Greziak onartu beharra zuela plana, bestela jo egingo duelako. Gainera, Irlanda, Portugal, Italia eta Espainia ere zor publiko handiarekin dira, eta haien egoera gehiago larrituko litzatekeela pentsatzen dute Greziak ezezkoa emanez gero.

Egoera honi guztiari aurre hobeto egin asmoz, Europatik kanpoko beste herrialde batzuei parte hartzeko aukera zabaldu diete; adibidez, Txinari.

Azkeneko lau egunetan bi goi-bilera egin dituzte adostasunera iristeko. Orain akordioa G20ari aurkeztuko diote, azaroaren 3an eta 4an, Cannesen (Frantzia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.