Greziarrek kalean erantzun diote erreskatea jasotzeko neurrien eztabaidari

Hartzekodunen galerei eta 3.300 milioi euroren murrizketei buruz hitz egiten hasi dira Parlamentuan

jakes goikoetxea
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Parlamentarioak murrizketak eztabaidatzen. Murrizketak jasango dituztenak, herritarrak, kalean protestan. Eta murrizketak agindu dituena, troika, Greziak agindutakoa betetzen duela zaintzen. Greziako Parlamentuak atzo hasi zuen 130.000 milioi euroko bigarren erreskatea jaso ahal izateko baldintzei eta murrizketei buruzko eztabaida, batzordeetan. Neurriak gaur edo bihar bozkatzea espero dute.

Sindikatuek manifestazioak antolatu zituzten. GSEE sektore pribatuko langileen sindikatu nagusiak eta Adedy funtzionarioenak bat egin zuten; KKE komunistak eta haren aldeko sindikatuek, berriz, Omonia plazan egin zuten protesta. Atzoko protestak ez ziren izan iragan astekoak bezain jendetsuak eta ozenak. Hala ere, Poliziak 30 lagun atxilotu zituen Syntagma plazan.

Koalizio gobernuko hiru kideek beharrezko gehiengoa daukate murrizketak onartzeko. Beste kontu bat izango da apirileko hauteskundeen ostean zer-nolako indarra izango duten, inkesta guztiek baitiote ordezkariak galduko dituztela; indartu egingo dira, aldiz, erreskatearen eta murrizketen kontrakoak. Badaezpada, Lukas Papademos lehen ministroak hauteskundeak baino lehen onartu nahi ditu neurri guztiak.

Lehen eztabaida hartzekodunen zor bonuen trukeari buruzkoa izan da. Hartzekodun pribatuek, bankuek, 107.000 milioi euro barkatuko dizkiote, bankuen eskuetan dagoen Greziaren zor publikoaren %53,5. Zor bonu berriak emango dizkiete zaharren truke. Hartzekodun pribatu guztiak behartuko dituzte galerak onartzera.

Erresuma Batuko legeak

Bonu berriak Erresuma Batuko legediaren mende egongo dira. Evangelos Venizelos Finantza ministroak onartu zuen bestela hartzekodun pribatuek ez zutela zorra barkatuko, Greziako Parlamentuak baldintzak aldatzearen eta zorra kobratu gabe geratzearen beldur.

Fitch kalifikazio agentziak Greziaren luzera begirako zor bonuak CCC mailatik C mailara jaitsi zituen atzo. Zorren ordainketa etetetik koska batera utzi zuen. Fitchentzat zor bonuak trukatzea zorra ez ordaintzea da. Hainbat inbertsio funtsek esan dute galerak onartzera behartzen badituzte, erabili egingo dituztela zorra kobratzen ez direnerako aseguruak, CDSak.

Zor bonuen trukea konpondu eta gero eztabaidatuko dituzte neurri mingarriagoak. 3.300 milioi euro aurreztu behar dituzte, osasun zerbitzuen, pentsioen (75 milioi euro), funtzionario kopuruaren eta bestelako gastuen kontura. Parlamentuak astebete du neurriak onartzeko.

Ez dira izango azkeneko murrizketak. Gobernuak atzo onartu zuen aurtengo defizita espero baino handiagoa izango dela, barne produktu gordinaren (BPG) %5,5ekoa izan beharrean, %6,7koa. Gobernuaren esanetan, uste baino diru gutxiago bilduko du, atzeraldiaren ondorioz. Ohartarazi du aurtengo aurrekontua «egokitu» egin beharko duela. Gastuak gutxitu, beraz.

Greziako ekonomia BPGaren %6,8 uzkurtu zen iaz, troikak espero baino 1,3 puntu gehiago. Aurten BPGaren %2,8 uzkurtzea espero dute.

Krisia hasi zenetik greziarrek milioika euro atera dituzte herrialdeko bankuetatik, beste herrialde batzuetako bankuetara eramateko. Atzo jakin zen parlamentari batek milioi bat euro eraman zituela herrialdetik kanpora, iazko maiatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.