Urteko zazpigarren greba eguna izan zen atzokoa Grezian, eta lehenengoa duela hiru aste Lukas Papademos teknokratak agintea hartu zuenetik. Lanuzteak erantzun handia izan zuen sektore publikoan, industrian eta eraikuntzan, eta apalagoa beste sektoreetan. Manifestazioak jende- tsuak izan ziren, baina aurreko grebetan baino lagun gutxiago bildu zen. Aurreko beste protesta egun batzuetan ez bezala, ez zen istilurik izan.
«Gobernua aldatu da, baina politika betikoa dira: bidegabea da, ez du ezer konponduko eta enplegatuak, pentsiodunak eta langabeak zigortzen ditu», laburtu zuen Gianis Panagopulos-ek, GSEE arlo pribatuko sindikatu nagusiko presidenteak. Sindikatu horrek eta funtzio publikoko ADEDYk batera deitu zuten grebara. PAME komunistak ere bere aldetik eskatu zien langileei protesta egiteko.
Atenasko gobernuak Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren erreskatea jasotzeko hartu dituzten neurri murriztaileak salatu nahi zituzten grebalariek. Azken hilabeteotan pentsioak eta gizarte laguntza gehienak jaitsi egin dituzte, dozenaka mila funtzionariok lana galdu dute, eta zergak ere salbuespenik gabe igoko dituzte. Papadimosen gobernuak bide horretatik jarraituko du 2012ko aurrekontuetan. Datorren astean du aurkeztekoa, baina jada zabaldu dute soldata eta pentsio jaitsierak izango dituela, eta hainbat lanbideren liberalizazioa bultzatuko duela.
Zerga ihesaren aurka
Oraingo gobernua Europako Batasunak inposatutakoa izateak handitu egin du greziar askoren haserrea. «Ez nago ados inork hautatu ez duen gobernu honen neurriekin. Ez du zilegitasunik», esan dio Atenasko manifestazioan erretiratu batek Eferi.
Agintarien aurka ez ezik, zerga iruzurra egiten dutenen aurkako oihu ugari izan ziren manifestazio horretan. «Errudunek eta zerga-iheslariek paga dezatela. Guk ez!», zioen hiriburuko manifestazioaren buruan zihoan pankartak. Zerga iruzurra hedatuta dago Greziako sektore batzuetan, eta ustelkeria ere ez da txikia. Atzo bertan, Transparency International erakundeak zabaldutako ustelkeriaren sailkapenean 183 herrialdeetatik 80. lekuan jarri zuen Grezia, ustelkeriari eta zerga iruzurrari aurre egiteko «ezintasuna» erakusten duelako.Kolonbia, Maroko eta Peruren parean dago, beraz, Grezia; EBko herrialdeetatik Bulgaria soilik dauka atzetik.
Zorraren krisia
Greziarrek lehen greba egin dute Papademosen gobernuaren kontra
Atenasko gobernu berriak ez du aldatu ildoa, eta murrizketa gehiago iragarriko ditu datorren astean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu