Fagor Etxetresnak

Grumalen geroa erabaki dezakeen bilera egiten ari dira Azpeitian

Fagor Etxetresnen konkurtsoa kudeatzen ari diren hiru administratzaile judizialak Azpeitiko lantokiarekiko dituzten planak jakinarazten ari zaizkie Grumaleko langileen ordezkariei. Enpresa ixteko dosierra aurkeztea aukera bat da une honetan.

xabier martin
2014ko urtarrilaren 7a
17:36
Entzun

Abenduaren 19an Fagor Etxetresnak kudeatzen ari diren konkurtso administratzaileak Grumaleko ordezkariekin batzartu ziren, eta enpresa likidaziora zihoala jakinarazi zieten. Hurrengo bilera baterako ordua jarri zuten; orduan etorriko zen azken erabakia, eta erabaki hori enpresa itxi eta 148 langile kaleratzeko dosierra aurkeztea izan daitekeela ohartarazi zuen Patxi Isasmendi langile batzordeko presidenteak.

Bilera hori orain egiten ari da; Grumaleko instalazioetan bertan batzartu dira konkurtso administratzaileak, enpresa zuzendaritza eta langileen ordezkariak, 16:30ean. "Kezka bada", esan dio BERRIAri Andone Arrieta LABeko ordezkariak. Baliteke administratzaileek inork entzun nahi ez duen albistea ekartzea, eta horren inguruan "bada beldurra", baina esperantza ere bai, "batzuetan gauzak une batetik bestera aldatzen dira eta".

Kontua da Grumalek kaudimengabezia daukala eta administratzaileek hartu dutela hura likidatzeko erabakia, itxura batean. Grumaleko beharginek greba mugagabeari ekin diezaiokete azkenean enpresa ixteko dosierra iristen bada.

Fagor Etxetresnak kooperatibak 2005ean erosi zuen Azpeitiko sukalde altzarien enpresa, atal horretan ere bere adarra edukitzeko. Grumaleko langileak kooperatibako bazkide izateko prozesuan sartuko zirela agindu zuen Fagorrek, baina urteak joan diren arren, langileek ez dute aurrera egin prozesu horretan, eta kooperatiba erori denean beste bazkide kooperatibistek duten babes mailarik gabe geratu dira. Administratzaileekin abenduan izandako bileran jakin zuten Fagorrek salgai zuela Grumal aspaldian; administratzaileek hori frogatuko luketen agiriak aurkitu dituztela esan zuten langile batzordeko iturriek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.