Bizkaiko Auzitegiak 42 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Roberto Zearsolo Bilboko Guggenheim museoko Administrazio eta Finantza zuzendari ohiari, bidegabeko jabetzea eta merkataritza arloko agirien faltsutzea egotzita.
Iazko apirilean jarri zuen Bilboko Guggenheim museoko patronatuak Zearsoloren kontrako salaketa, Bilboko Instrukzio Epaitegian, 1998tik 2008ra 487.000 euro ostu izana egotzita. Zearsolok berak eman zion lapurretaren berri Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariari, egun batzuk lehenago. Higiezinen Sozietatetik 160.872,34 euro ostu zituela aitortu zion bere abokatuaren bidez helarazi zion gutunean; Sozietate Edukitzailetik, berriz, 326.403,04 euro ebatsi zituela azaldu zion.
Epailearen aurrean, beraz, ez zuen halakorik egin izana ukatu. Are, instrukzio epailearen aurrean iazko maiatzean egin zuen deklarazioan, 1998tik 2008ra ia milioi erdi euro ebatsi zituela berretsi zuen Zearsolok. Alabaina, hasiera batean esandakoa baino diru gehiago ostu zuela aitortu du orain Zearsolok. Fiskalak, akusazioak eta defentsak izenpetu duten agirian, orotara, 556.482 euro ostu zituela jaso dute; 341.848,58 euro Sozietate Edukitzailetik eta 214.633,48 euro Higiezinen Sozietatetik.
Internet bidez egin zituen diru transferentzia ugari, eta beste hainbat, Bidarteren sinadura faltsutuz. Txekeen bidez atera zuen dirua Higiezinen Sozietatearen eta Sozietate Edukitzailearen kontuetatik, hainbat aldiz.
Hiru aldeek adosturiko agiriak dioenez, Zearsolok kontularitza liburuetako orriak ere desagerrarazi zituen, iruzurraren arrasto oro ezabatze aldera. Idazki horrek dio, halaber, iazko uztailean ostutako diru ia gehiena itzulia zuela Zearsolok, 437.900 euro zehazki. Eta, hortaz, gaur egun itzultzeko 120.000 inguru euro geratzen zaizkiola dio. Horregatik, Sozietate Edukitzaileak nahiz Higiezinen Sozietateak haren kontra zibil arloko auzibidea abiarazteko aukera badutela dio agiriak.
ekonoMIA
Guggenheimeko finantzaburu ohiari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote
Bidegabeko jabetzea eta merkataritza arloko agirien faltsutzea leporatzen diote Roberto Zearsolori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu