Euskal Herriko Laborantza Ganberako koordinatzailea da Iker Elosegi (Hazparne, Lapurdi, 1965) azken urte hauetan. Egiturak lurraldeari egiten dion ekarpenaz konbentzitua, herritarren laguntza indartzea gogo luke.
2005etik hona garapen handia izan du EHLGk.
Hamabost urtez hiru langiletik hemeretzira helduak gara. Gure filosofia honako hau izan da: behar hauek bete behar ditugu, xerkatzen ditugu ahalak hori egiteko, arriskua neurtu, eta abiatzen gara. Aldi oro parioak dira. Ez dugu guk laborantza ganbera ofizialak bezala diru iturri segurik. Ipar Euskal Herriko laborari guzien artean 1,5 milioi euro ematen dizkiote urtero, zergen bidez, departamenduko ganberari. Guk ez dugu halakorik; aldi oro diru iturriak atzeman behar ditugu. Entseatzen gara lurraldean diren galdera guziei arrapostua ematen.
Baina ez gara basamortu batean. Hemen, ELBtik atera dira azken 40 urteetan beste elkarte eta egitura anitz, haien lan sailekin. Lehena izan zen orain Lurzaindia bikakatu dena: "eros ditzagun lurrak laborariak instalatuak izateko eta kontrolatzeko lurraren espekulazioa". Horrek baditu 35 urte. Gero etorri zen AFOG, laborariek berek kudeatzeko haien kondularitza ekonomiko eta administratiboa. Idoki etxe ekoizpenak, BLE biologikoan ari dena... elkarte guzi hauen berezitasuna da gai batean sakontzen direla. Memento batean ELBn erabaki zuten zerbait anitzez ere transbertsalagoa behar zutela, erreferentzia orokor bat duena, eta horrela sortu zuten EHLG.
Azken urteetan ikusi dugu zinezko erreferentzia bilakatu garela, bai laborarien aldetik —Ipar Euskal Herriko laborarien erdiak baino gehiago pasatuak dira gure zerbitzuetatik—, baita instituzioetatik ere. Denentzat norbait gara, nahiz eta ez garen ofizialki laborantza ganbera bat.
Legezko izaera duzue, baina ez duzue aitorpen ofizialik.
Ofizialtasuna, baldin eta zer zentzutan hartzen dugun. Laborantza ganberaren ofizialtasun hori baldin bada, ez dugu. Harrigarria da: estatuaren ordezkariek erraten digute ez gaituztela ganberaren hein berean ezartzen ahal. Alimaleko problema sortzen diegu. Badirelarik Natura 2000 edo uraren kudeaketan egitura publiko batzuk, ez gaituzte ekonomia alorreko ganbera gisa sailkatzen, erabiltzaile gisa baizik. Baina gertatzen da batzuetan bilkura guztiz sinple baterako gomitarik ez ukaitea, estatuko zerbitzuak deitzea galdetuz ea ahantzi gaituzten, eta arrapostua ematea ez ofiziala baina ahozkoa: «Ez, ez dugu ahantzi. Ulertu ezazue, ez zaituztegu ganberaren heinean ezartzen ahal. Zatozte, leihotik sar zaitezte, etortzen bazarete ez zaituztegu kanpo emanen, baina ez zaituztegu gomitatzen ahal». Surrealista da.
Zerbitzu publiko bat eskaintzen duzuela erraten duzue.
Laborari bati ez diogu sekula galdeginen ea gurekin ados den, ELBkoa ala FNSEAkoa den. Eta de facto, etortzen zaizkigu gure helburuekin hurbiltasun bat duten jendeak, baina etortzen zaizkigu ere gogoetarik egin ez duten jendeak, hurbiltasun fisiko bategatik, edo gutaz entzun dutelako. Bestalde, Behatokia gisako proiektuak bultzatu ditugu: Ipar Euskal Herrian diren ekoizpenak edo errealitate ekonomikoaren deskribapen bat eta analisia bat egiteko asmoa da. Biziki konplikatua da, orain arte bederen departamendu mailan edo eskualdean baitziren emaitzak. Guk lan hori egin dugu, kontsideratuz gauza horiek aztertu behar direla eta jende guziari jakinarazi. Horregatik dugu erraten zerbitzu publikoa ematen dugula.
Har dezagun laborari bat naizela. Zer eskaintza egin diezadakezue departamenduko ganberak eginen ez didana.
Lehenik, ganberak bezala, instalaziorako edo lanak egiteko diru laguntzak eska ditzakegu. Bestalde, anitz jende ikusten ditugu ganberara joan direnak noizbait, instalatzeko eman dezagun, eta ohartu direnak ez zituztela entzuten. Ez zutela haien proiektuan sinesten. Badoaz, eta heldu dira guregana. Klasikoa da hori. Gero, gauza anitzetan, ganbera ez da batere presente. Aipatzen ditugularik desmartxa kolektiboak, Laborantza Ganberak anitz lagundu ditu: herriko ogia, herriko haragia, Xixtroak, sasi artaldeak... badira hogeita ez dakit zenbat desmartxa kolektibo laguntzen ditugunak, antolatzen, gogoetatzen, gauzak pikoan ematen. Ez dakit ganbera gai denetz baten aipatzeko ere. Zinez gauza desberdinak egiten ditugu batzuetan, eta zerbitzu berak eskaintzen beste batzuetan.
Azkenik, laborantzaren ikuspegiaren desberdintasuna. FNSEA biziki korporatista da: laborariek bakarrik dute erran behar zer den on haientzat. Ez daitezela has herritarrak edo ekologistak haiei erraten zer egin behar duten. ELBren ikusmoldea da populazio aktiboan gure pisua %7 dela; anitz da, baina %93 besteak dira. Beharrezkoa da besteak ere mahai inguruan ezartzea, eta mintza gaitezen zer elikadura mota nahi duten, nola ekoizten den, eta abar. Hor bada zinezko desberdintasun bat. Eta gero, zer ekoizten den eta nola ekoizten den.
Hiriarekin harremana aipatzen baitzenuen, hori da ere Lurramaren funtzioa.
Bai. Lurrama sortu genuelarik, izan zen, hiritarrekin lotura egiteko beharrari erantzuteko. Baina ez zen hor hasi. Hiritarrekin lotura hasi da, ELBko jendea izan delarik gogoeta guzietan, izan delarik Batera-n, Garapen Kontseiluan, etab. Besteei esplikatzea zer den laborantza, eta konfiantza harreman batzuk sortu dira aspaldikoak direnak. ELBk Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortzea erabakitzen duelarik, badu deia jendarte zibilaren konfiantza hori. Lurramarekin, baserria hirira eramaten dugu, laborarien lana zer den esplikatu eta erakusteko zer garrantzitsua den jaten delarik hautuak egitea. Hautuen arabera izanen da laborantza mota bat edo beste bat.
Diru biltze kanpaina bat abiatu duzue.
Hiru ardatzetan oinarritzen da gure diruztatzea. Lehena, diru laguntza publikoak; bestea da fakturatzen diren zerbitzuak; eta, azkena, herritarrek ematen diguten laguntza. 700 bat laguntzailek 150.000 euro ematen dizkigute gaur egun. Anitz da. Baina gehiago behar genuke. Hiru langiletarik hemeretzira pasatu gara. Gure aktibitatea izugarri handitu da, eta diru publikoaren bila joaten garelarik, %20 autofinantzaketa gisa aurkezteko eskatzen digute: herritarrek emandako sosa da gure autofinantzaketa hori erakusteko molde nagusia. Horregatik dugu abiatu kanpaina; 1.000 emaile ingurura iritsi nahiko genuke. Bakoitzak nahi duena eman dezake, urtean behin ala hilabetero. Gure webgunearen bitartez egin daiteke emaitza.
Zer harreman duzue Euskal Elkargoarekin? Izaera ofiziala lortzeko bidea izan liteke?
Euskal Elkargoak, sortzearekin, ekonomia eskumena hartu zuen, eta horren barruan laborantza sartzen da. Biziki inportantea da hori, lehen aldia delako Ipar Euskal Herriko herrietan laborantza politika bat aipatzeko leku bat badela. Orain dela urte eta erdi, egitura ofizial bat egiteko proposamena aurkeztu genuen: estatuari galdetzen diogu Ipar Euskal Herriko laborantza kudeatzeko egitura bakar batean biltzea EHLG, ganbera, garapeneko elkarte guziak, jendarte zibileko ordezkariak... Izan dadila gune bat egiazki Ipar Euskal Herriari buruzko laborantza gaiak tratatzeko eta erabakitzeko. Ez litzateke elkargoaren baitako egitura bat, baina bai elkargoaren eremua hartuko lukeena. Ganberak erraten du haiek direla bakarrak; guk ez diogu halakorik. Aterabide bat izaten ahal da estatuak ematea pikoan halako egitura bat, eta biak hor gara, punto!
EHLG noizbait nazio mailako egitura bilaka liteke? Zer harreman duzue Hegoaldearekin?
Harremanak baditugu. Administratiboki Hego Euskal Herrian ez da ganberarik, ez da existitzen. Badira merkataritza ganberak, baina laborantza arlokorik ez. Haientzat, egitura bitxi bat gara, ez dute parekorik. Hego Euskal Herriko laborantzaren egoera sozial eta administratiboa eta gurea biziki desberdinak dira. Beraz, agian bai, noizbait, baina ez da ondoko urtean izanen. Ez da elkarrizketarik horri buruz.
Ipar Euskal Herrian gehiengoa du ELBk, eta badakigu, bozkatzen baita; Hego Euskal Herrian ez da bozkarik, beraz nehork ez daki zer sindikatuk duen gehiengoa. ELBk biziki argi du zer laborantza eredu nahi duen; hegoaldean, ereduaren gaia, mahai gainean da lekuka, beste batzuetan mahai azpian eta horrela ez da problemarik, baina ez gara egoera berean. Guk eramaten dugun lan guzia da laborantza herrikoi eta iraunkor bati buruz. Hau proiektu politiko bat da; ez alderdikoi zentzuan, baizik eta egiazko politika bat. Orain, mementuan, nik ez dut ikusten hegoaldea ildo horretan den mugimendu azkar, sendo, eta halako apustu bat egiteko prest denik. Mementuan ez dut ikusten. Baina nahi genuke ikusi, eta hala balitz, guk hemen erakutsi dugun indarrarekin eta dinamismoarekin balitz sekulako gauzak egin genitzake, bai. Harremana berezkoa litzateke.