Guraizeak udaletan: %20ko murrizketa finantzaketan

Gipuzkoak iragarri du neurria, eta Hegoaldeko beste hiru herrialdeetan ere ezarriko dute. Nafarroak 818 milioi gutxiago bilduko du zergetan. Udalerri txikienek diputazioetatik jasotzen dituzte diru sarreren %60 inguru.

Finantzen Euskal Kontseiluko kideak, otsailean egin zuten bileran. ENDIKA PORTILLO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 12a
15:52
Entzun

Kolpea udalentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du lehen pausoa. Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko du —107 milioi euro guztira—, COVID-19ak eragingo duen diru bilketaren beherakadaren ondorioz: 2019koaren aldean, % 20-25 gutxiago jasotzea aurreikusi du. Garrantzi handiko erabakia da, bereziki udalerririk txikienenentzat, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen dituztelako.

Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan ere oso antzekoak izango dira murrizketak. Aurreko urteetan bezala, haizea aldekoa izatea espero zuten, eta zerga bilketan %2,5eko igoera aurreikusten zuten, batez beste. Baina COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak hankaz gora jarri ditu aurreikuspen guztiak.

Arabako Ogasunak asteartean jakinarazi duenez, %12,3 erori da apirilera arteko bilketa, eta uste du urte osoko jaitsiera %20 ingurukoa izango dela. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak azaldu du jaitsiera nagusia zeharkako zergetan izan dela: %31 BEZan eta %14 sozietateen gainekoan. Kopuru horiek eta beste zerga batzuekin loturikoak —errentaren gainekoak eda lanekoak, esaterako— «engainagarriak» direla ohartarazi du Gonzalezek, COVID-19aren hedapena gelditzeko hartu diren konfinamendu neurriek errenta kanpainaren erritmoa baldintzatu dutelako —itzulketak atzeratzen ari dira— eta lanarekin loturiko atxikipenek datozen hilabeteetako enpleguaren bilakaeraren arabera gutxi ala asko murritz daitezkeelako.

Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, orain arteko bilketaz oso antzeko emaitza iragarri zuen aurreko astean: %14koa erorialdia apirilera arte, eta %20koa urte osoan: 1.500 milioi gutxiago. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saizek, berriz, asteartean parlamentuan eginiko agerraldi batean, jakinarazi zuen %20ko murrizketa izango dela aurtengo zerga bilketan —818 milioi—.

Aldundietan ere bai

Gipuzkoan, Eider Mendoza bozeramaileak zehaztu du lurraldeko ogasunak iaz baino 1.000 milioi gutxiago biltzea aurreikusten duela. Udalen kasuan, Finantzen Euskal Kontseiluak funts hori 536 milioi eurokoa izatea aurreikusi zuen iazko udazkenean; orain, 429 milioi eurokoa izango da. Udalerriei egingo zaizkien hurrengo hiru ordainketetan aplikatuko zaie murrizketa.

Mendozak azaldu duenez, diru bilketa txikitzeak aldundia ere behartu du 200 milioiko murrizketa egitera: 115 milioi «doitu» dituzte jada, «baliabide propioekin, soberakinekin eta instituzioak lehendik zuen zorra berrituz»: eta gainerako 85 milioiak, «gastuak murriztuz». «Orain, udalen txanda da», azpimarratu du. Horren harira, adierazi du aldundiarentzat politika soziala eta ekonomikoa «lehentasunezkoak» izango direla aurrerantzean ere.

Udalei begira, astearte honetan onartutako foru dekretu-arauan, aldundiak beste bi neurri gehigarri sartu ditu: kreditu gehigarriak onartzeko prozesua «sinplifikatu eta arinduko» du, eta udalek hobari fiskalak izango dituzte, «osasun krisiak bereziki kalte egindako kolektiboentzako salbuespen laguntzetarako».

Mendozak esan duenez, udal ordezkariak izan ziren lehenak aldundiaren aurreikuspenen berri izan zutenak, eta iragarri du ostiralean Finantzen Lurralde Kontseilu berezia egingo dutela, horren inguruan dituzten zalantzak eta kezkak argitzeko.

Udalen funtsaren likidazioa otsailean egin ohi da: positiboa den kasuetan, udalek aparteko diru sail bat jasotzen dute, eta, negatiboa bada, baliabideak itzuli behar dituzte. Hala, aurten 11 milioiko aparteko diru sail bat jaso zuten, iazko funtsaren likidazio positiboagatik.

Egoera ikusita, eta diru bilketa % 20-25 jaitsiko dela aurreikusita, Mendozak adierazi du ez duela zentzurik indarrean dagoen eskemari eusteak. «Hori hala balitz, 2021eko otsailean udalek 100 milioi euro baino gehiago itzuli beharko lituzkete bat-batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.