Gure Tourra

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Atzo Mikel Astarlozak (zorionak!) adinako poza pilatua zuen Ibex-35 indizeak (-%0,2), atzo arte. Alta, sei egunean erreskan igo ondoren, atseden hartu zuen atzo. Eguneko ihesaldian OHL (+%4,1) eta %3na pasa irabazi zuten Ferrovial eta Inditex jardun ziren tiraka; baina blue chip-ek capo lana burutu zuten eta euren galerek, tropel osoarena eragin. Bereziki %1,43 galdu zuen BBVAk. Euskaltelen lehiakide erraldoiak, Telefonicak (-%0,54), irribarrerik ez zuen atzo egin eta, txerritxo ehiztarion eguneko tourra, hasi baino 20 puntu beherago amaitu zen, 2.120 milioiren salerosketarekin. Bernankek tunelaren amaiera non den iradoki zuen, baina gurutzebidea ez dela amaitu garbi lagaz. State Street bankuak 3.300 milioi dolarreko galerak plazaratzeak, garbi utzi du, oraindik, burtsaren gurpilak zulatuak izan badituela. Bada zer ospatua duenik ere: abuztuak 3rako Banestok (-%0,36) akzioko 0,12 euroko dibidendu gordina iragarri du.



Aurrezki kutxen sektorean bada mugimendurik: Andaluzian, Malagako Unicaja, Kordobako Cajasur eta Jaen bategite bidean dira. Katalunian, aldiz, Sabadell, Terrassa eta Manlleu dira eztei bezperetan. CajaMadridek %47 gutxiago irabazi du aurten ekaina bitarte eta berankortasuna %5,55an kokatu zaio; arrazoi ekonomikoengatiko bategiteak ez ei ditu baztertzen. Banku pribatuetan, Popular (-%1,89) eta Sabadell (+%0,11) hobeto daude: urteko minimotik bikoiztu egin da Popularren akzioa (3,1 eurotik 6,3ra) eta %36 igo da Sabadellena (2,8tik 4,4ra).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.