Gureak taldeak 5,7 milioi euro irabazi ditu eta enplegua handitu du

Arduradunek uste dute 2012. urtea 2011 baino okerragoa izango dela, baina taldearen egoera sendoa dela diote

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Mirariak bizirik dirau», dio Iñigo Oiartzabalek, Gureak taldeko zuzendari nagusiak, iazko jarduerari buruzko txostenean. Gureak taldeak 4.286 langile zeuzkan iazko urte amaieran, 2010ean baino 230 gehiago. Horietatik 130 inguru, finkoak. Langileen %85ek ezintasunen edo urritasunen bat dute. Gureak taldeak lortu du ezintasunen edo urritasunen bat duten 193 pertsona enpresa arruntetan lanean aritzea, bitartekaritza eta prestakuntza zerbitzuari esker.

Enpleguarena da Gureak taldearen osasunaren eta sendotasunaren neurgailu garrantzitsuena, ezintasunen edo urritasunen bat duten pertsonek lan egitea baita haren helburu nagusia 1975etik, sortu zutenetik.

Gureak taldeak iazko emaitzak aurkeztu zituen atzo. Diruari dagokionez, 5,7 milioi euro irabazi zituen, 2010ean baino %12 gutxiago. Dena den, Oiartzabalentzat urtea «positiboa» izan da eta taldea «oso ondo» dago, ez baitauka ia zorrik eta hornitzaileek ordaintzen baitiote.

Krisiak ere eragiten dio Gureak taldeari. Bere bezeroek —enpresek eta administrazio publikoek— lehen baino gehiago estutzen dute, merkeago ekoizteko. «Malgutasuna» beharko dutela nabarmendu zuen Oiartzabalek, «bezeroen eskaerei eta aurrekontuei egokitzeko». Lan eskaera «garrantzitsuak» badituzte; Valeo autogintzako argiteria enpresarena, esaterako.

Produktuak eta zerbitzuak dira diru sarrera nagusia. Iaz 92 milioi euroren salmentak izan zituen, %55 zerbitzuetako enpresenak eta %45 industriakoenak.

Diru laguntzak ere jasotzen ditu. Hala ere, diru laguntzekiko mendekotasuna gero eta txikiagoa da. Diru sarreren %20 dira, 24,7 milioi euro. Hortik kanpo daude Gizarte Segurantzako kotizazioak (12 milioi euro), Gureak-ek ez baititu ordaintzen, ezintasunen edo urritasunen bat duten pertsonei lana emateagatik.

2012a iazko urtea baino okerragoa izatea espero dute, baina krisiaren hasierakoak baino hobea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.