Taldea osatzen duten hiru enpresak honezkero Lehiaketa Legearen menpe daude. Jaurlaritzak akzioen %16 du, eta administrazio kontseiluan parte-hartzen du. Kargua hartu zuen momentutik lehen erabakiak benetako egoera ekonomiko eta finantzieroa zein zen argitzea eta «diruaren odolustea gelditzea» izan direla azaldu zuen sailburuak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Gurokelari diru publiko gehiago ez emateko erabakia defendatu zuen Unzaluk, eta aurreko Jaurlaritzari bideragarritasun planik ez zuen proiektu bati laguntzak eman izana aurpegiratu zion. Enpresaren etorkizuna bera zalantzan dago. Azken bideragarritasun planaren arabera, egungo egiturak 2016. urtea baino lehen ez lituzke etekinak emango.
Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 288 abeltzain Gurokelaren bazkide dira. Hil diren abelburuak eta ekoitzi diren haragi tonak etenik gabe jaitsi dira azken boladan. Zorrozako hiltegia indartzeko apustuak ere huts egin du, eta egun daukan ahalmenaren %40 baino ez du erabiltzen. Galeren parte handi bat, 1,2 milioi, abeltzainei zor zaien dirua da.
Oposizioa neurri eske
PPk, EAJk eta Aralarrek abeltzainen geroa ziurtatzeko neurriak azaltzeko galdegin zioten sailburuari. Unzaluren arabera, hil honen bukaeran sortuko da haragiaren mahaia, eta hor adostuko dituzte neurri guztiak. «Ez dugu alde bakarreko neurririk hartuko», agindu zuen Unzaluk.
Nekazariek protesta gehiago egingo dituzte datozen egunetan
Nekazaritzan eta abeltzaintzan dagoen «krisi orokorra» kalean salatuko du sektoreak datozen egunetan. EHNEk bat egin du heldu den larunbaterako Madrilen COAG elkarteak egingo duen manifestazioarekin. Aurretik, azaroaren 20an, Bizkaiko EHNEk hiru elkarretaratze antolatu ditu, Karrantzan, Busturialdean eta Durangaldean. Sindikatuak galdegingo du nekazaritza politikaren aldaketa sakona, elikadura burujabe bat izateko.Araban, UAGAko laborariek ere lanuzte orokorra iragarri dute heldu den ostiralerako. Sindikatuaren ustez, «historiako krisirik larriena» du sektoreak gaur egun.