Azken hilabeteotako datuek diote Euskal Herrian enplegua sortzen ari dela pixkanaka. Kualitatiboki, ordea, urteotan hartutako neurriek arrasto sakona utzi dutela ondorioztatu du Gaindegiak kontratuei buruz egindako azterketan: "Sinatzen diren hamar kontratutik bederatzi aldi baterakoak dira; zerbitzuen sektoreko enpleguaren pisua hazi da industriaren kaltetan; eta gutxieneko duintasuna bermatzen ez duten kontratuak arruntak dira".
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren esanetan, 2008aren aurretik ere joera agerikoa zen arren, krisiak bidea erraztu dio "behin-behineko, ezegonkor eta oreka ekonomikorako helduleku eskaseko" enpleguari.
2007-2014 tartean %0,7 murriztu dira kontratu mugagabeak; aldi baterako kontratuak, aldiz, %30. 2013an eten zen beheranzko joera hori, baina berme eskaseko kontratuak ari dira nagusitzen. "Etorkizunak nondik joko duen erakusten du horrek: kontratu gehiago ekarriko ditu, baina aldi baterako direnak nagusiki".
Gaindegiak adierazi du haizearen norantza aldatzen ari den honetan Euskal Herrian enpleguaren eta gizartearen arteko loturak nolakoa izan behar duen erabaki behar dela: "Horren araberakoa izango da pertsonen bizimodua eta gure etorkizuna herri gisa".