Inor ez dago ados erabakiarekin: motz geratu delako, sindikatu nagusientzat; urrunegi joan delako, patronalarentzat. Baina bada aurrerapauso bat gutxieneko soldata bat ezartzea, Alemaniak, gaur-gaurkoz, ez baitauka horrelakorik. Angela Merkelek amore eman behar izan du sozialdemokratekin koalizio gobernua osatzeko, eta orduko 8,5 euroko gutxieneko soldata onartu. 2015eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean neurri berria, eta, automatikoki, 4,5 milioi langileren lan baldintzak hobetuko ditu, Berlingo DIW think-tank ekonomikoaren arabera.
Hilabetean 1.473 euro poltsikoratuko dituzte datorren urtetik aurrera Alemanian gutxieneko soldata kobratuko dutenek. Urteko hamalau ordainsariak kontuan hartuta, batez beste, 1.530 kobratuko dituzte. Eurostatek egindako EBko gutxieneko soldaten zerrendan, Frantzia (1.430 euro) eta Erresuma Batuaren (1.189 euro) gainetik egongo litzateke Alemania, eta Luxenburgoren azpitik (1.874 euro). Espainian, berriz, 752 eurokoa da gutxieneko soldata —hamalau ordainsariak kontuan hartuta—.
"Gutxieneko soldatak ordainketa justuagoa ekarriko du, eta Alemania osoko gizarte kohesioarentzat ona izango da", Andrea Mahles Enplegu ministroaren esanetan. Baina ez da berehalakoan gertatutako, eta ez du hobetuko diru sarrera txikienak dituzten langile guztien egoera. Merkelek amore eman du, bai, baina baldintza askorekin. Hasteko, bi urteko trantsizioa izango du legearen aplikazioak: 2017ko urtarrilaren 1era arte, ez da osorik indarrean sartuko. Aldi baterako kontratua dutenek, adibidez, bi urte itxaron beharko dute gutxieneko soldata kobratzen hasteko.
Legeak kanpoan laga ditu hainbat behargin, eta horrek haserretu egin ditu batez ere SDP alderdi sozialdemokratako jarraitzaileak, sindikatuak eta ezkerra, oro har. Ez dute izango gutxieneko soldata kobratzeko eskubiderik berriro lana lortzen duten iraupen luzeko langabeek —lehen sei hilabeteetan ez, behintzat; gero, bai—. Ikasketarik gabeko 18 urtez azpiko beharginek ere ordua 8,5 eurotik behera kobratu ahal izango dute, eta baita bekadun kontratua dutenek ere.
Salbuespen horiek sutan jarri dituzte sindikatuak. Frank Bsirske Verdi sindikatuko buruak gogor salatu du iraupen luzeko langabeek aukerarik ez izatea lan berrian lehen sei hilabeteetan gutxieneko soldatarik kobratzeko. Izan ere, Bsirskek gogorarazi du lege berriaren helburua soldata dumping-a saihestea dela eta salbuespen horrekin kontrakoa lortzen dela.
Enpresariak ere sutan jarri dituzte salbuespenek, baina kontrako arrazoiengatik. Demokristauei presio egiten aritu dira, gutxieneko soldata kobratzeko adinaren muga 25 urteetan jartzeko, baina SDPk ez du onartu, eta 18 urteetan geratu da langa. "Oker larri bat da", Hans Peter Wollseifer ZDH Alemaniako Merkataritza Elkarte Zentraleko presidentearen ustez.
Iazko iraileko hauteskunde kanpainan, Merkelen CDU demokristauak gutxieneko soldataren kontra egin zuen, ekonomiari kalte egingo ziola argudiatuta. Gaur egun, Alemanian sindikatuen eta patronalaren artean adosten dituzte lan baldintza eta soldatak, sektoreka eta lurraldeka.
Ekialde pobreagoa
Berlingo harresia erori zela 25 urte pasatu badira ere, oraindik alde handia dago herrialdearen ekialdeko eta mendebaldeko soldaten artean. Berlingo IWH institutuaren arabera, Alemanian 6,6 milioi beharginek kobratzen dute gaur egun orduko 8,5 euro baino gutxiago: herrialdearen mendebaldean, langileen %10ek baino gehiagok kobratzen dute gutxieneko soldatatik behera, eta ekialdean, %25ek.
Koalizio gobernu bat osatu beharragatik onartu du Merkelek lege berria, baina, kalte egin beharrean, indartu egin dezake haren irudia. Izan ere, kantzilerrak badaki erabakiak babes handia daukala. Iazko hauteskundeetarako inkesten arabera, alemaniarren %80tik gora daude gutxieneko soldata bat ezartzearen alde. Gainera, boto-emaileen %56k uste zuten erabaki horrek Alemaniako ekonomia hobetzen lagunduko lukeela, eta soilik %40k pentsatzen zuten kontrakoa.
Jatorriz gutxieneko soldata sozialdemokraten apustu handia bazen ere, azken inkestetan haiek ari dira jasotzen herritarren haserrerik handiena. Batez ere, lege berrian onartu dituzten salbuespenengatik. Hirugarren koalizio gobernua du Merkelek, eta kabinetea oraindik sortu berria da. Baina kantzilerrak aurretiaz ere bi aldiz erakutsi du oso trebea dela koalizio gobernuetan bere burua indartzen eta gobernukidea hondoratzen. Horixe gertatu zaie azken bi legealdietan sozialdemokratei lehenengo eta liberalei gero.