Oso zaila da etxe pribatuetan lan egiten dutenen baldintzak arautzea eta arau horiek errespetaraztea, baina ekinbide garrantzitsu bat egin dute Bizkaian. Langile horien kontratazioetan bitartekari lana egiten duten hainbat elkartek gutxieneko batzuk finkatu dituzte. 900 euroko hamalau lansari ezarri dituzte, langilearen gizarte segurantzaren ordaina alde batera utzita.
Hilabeteko oporraldia urteko lanaldiko, eta jaiegunetan lan ez egitea ere jaso dute itunean. Lan eginez gero, aste barruko egun baten trukea jasoko luke langileak, edo 60-70 euro (lanaren funtsaren arabera). Horrez gain, etxean bizi diren langileek 36 orduko atseden jarraitua izateko eskubidea dute astean, eta egunean bi ordukoa. Ituna honako elkarte hauek sinatu dute: Argitan Barakaldoko Emakumearen aholkularitza zentroak, Bizkaiko Etxe Langileen Elkarteak, CEAR-Euskadik, Circulo Solidariok, Gurutze Gorriak, Ellakuria Fundazioak, Maria Inmaculada Gizarte Zentroak, Zubietxe elkarteak eta Basauriko Emakumeen Elkarteak.
Etxean bizi ez eta orduka joaten diren langileen soldatak aldatu egiten dira akordioan. Orduko hamar euroko gutxienekoa ezarri dute, hamabikoa zenbait lanetarako. Astean hamabost ordu baino gehiago lan eginez gero, 800 euroko soldata finkatu dute berrogei orduko lanaldiaren truke, 400 eurokoa hogei ordukoaren truke, eta 300 eurokoa hamabost ordukoaren truke. Gauean lan egiteagatik plusak jasotzeko aukera ere zabaldu dute.