Etxeko langileen lan baldintzak arautzen zituen 1985 urteko dekretua aldatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Aurrerantzean gutxieneko soldata arteko ordaina (641,4 euro orain) dirutan eskuratu beharko dute beharginek. Orain arte mantenuaren eta ostatuaren truke gutxieneko soldataren %45 atxiki ahal zien ugazabak, eta aukera hori ezabatu du gobernuak.
Ez da soldatari egin zaion moldaketa bakarra. Aurrera begira, soilik ordainaren %30 jenerotan edo mantenuan eman ahalko zaie etxeko langileei, eta beti ere gutxieneko soldataren gainetik dagoen zatian. Hilabeteko soldataz gain, urtean aparteko bi ordain eskuratuko dituzte. Neurria 2012 urteko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Erreformaren bidez etxeko langileen baldintza beste langileek dituztenetara hurbildu nahi dituztela ziurtatu du Lan Ministroak. Orain arte hitzezko kontratuak baimenduta bazeuden ere, urtarriletik aurrera idatziz egin beharko dira, eta guztiek kotizatu beharko diote gizarte segurantzari (orain arte soilik 20 ordu baino gehiagokoak ziren).
Kaleratze kalte-ordaina hamabi lan egunekoa izango da. Langabezia sarirako eskubidea ere aztertzen hasiko dira orain.
Gutxieneko soldata bitarte dirutan kobratuko dute etxeko langileek
Jenerotan edo mantenuaren truke egindako ordainketek ezin izango dute ordain osoaren %30 gainditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu