Goraldi betean urteak daramatza ostalaritzak Gipuzkoan, baina urte horietatik gehienak itundutako lan hitzarmenik gabe egin dituzte sektoreko langileek. 2012. urtean iraungi zen sektoreko azken hitzarmena, eta horren ondorioak azaldu ditu ELAk: batetik, itun hura zuten beharginek %10eko galera pilatu dute erosteko ahalmenean. Eta bestetik, 2013az geroztik egindako kontratazio askotan langileentzako babes oinarri bakarra Langileen Estatutua da orain; horren esan nahi du gero eta gehiago direla lanbidearteko gutxieneko soldata (900 euro inguru) duten beharginak; baita azken lan erreformak baimentzen duen 1.800 orduko urteko lanaldia dutenak ere.
"Hori al da politikariek eta enpresaburuek Gipuzkoarentzat nahi dute eredu turistikoa? Hori al da garapenean eta jasangarritasunean oinarritutako euren turismo eredua? Gutxieneko soldatarena? Lanaldi amaigabeena?", egin du galdera gaur ELAko Ane Alberdik, sindikatuak Gipuzkoako ostalaritzan abiatuko duen kanpainaren berri ematean.
Ostalaritzako beharginak Gipuzkoan batik bat tabernetan, jatetxeetan, diskotekatan eta arlo pribatuan janari zerbitzuak ematen dituzten kolektibitateetan jarduten dira. 13.800 langile inguru daude sektorean alta emanda, eta horietatik 8.000 inguru emakumeak dira. Ezin jakin, ordea, zenbat pertsona ari diren lanean ostalaritzan kontraturik eta, ondorioz, afiliaziorik gabe.
"Oihaneko legea"
ELAk ostalaritzako beharginek nozitzen dituzten lan baldintza eskas guztiak plazaratu eta ikusarazi nahi ditu: lanaldi amaigabeak, kontratu partzialak, egutegirik gabeko lanaldiak, aparteko orduen kontrol falta... Kontraturik eta kotizaziorik gabeko langileak ere ez dira gutxi. "Oihaneko legea da nagusi Gipuzkoako ostalaritzan", deitoratu du Alberdik.
Sindikatuaren ustez, iritsi da ostalaritzako lan baldintzako hobetzeko garaia, eta negoziaketa horrek azkarra izan behar du. Izan ere, etenaldi luze baten ostean, berriz ere irekita dago Gipuzkoan sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazio mahaia. Baina badirudi gauzak geldo doazela; otsailean osatu zen mahaia, orduz geroztik bost bilera egin dituzte —uztailean azkena—, eta oraingoz patronalak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, ez du irailerako hitzordurik eskaini.