Goizean goizetik irten dira Jaka Horiak kalera Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Ekitaldi nagusia, ohiko moduan, Parisen egin dute. Liskarrak saihesteko argudioarekin, Emmanuel Macronen gobernuak segurtasun neurriak handitu ditu hiriburuan. Hala ere, izan dira istiluak erdiguneko auzoetan; besteak beste, Operan eta Saint-Lazaren.
Orotara, 120 manifestari atxilotu dituzte, eta hildako bat ere izan da Belgika eta Frantzia arteko mugan, Erquelinnes herrian. Ibilgailu batek manifestariek errepidea ixteko gurutzatuta jarritako kamioi bat jo du, eta autoko gidaria hil egin da.
Ipar Euskal Herrian ere izan da protestarik. Manifestariek Hendaia eta Baiona arteko errepidea moztu dute tarte batez.
#JakaHoriak Hendaiatik Baionara bidean, kamioiak geldi @berria@IEHkohitzapic.twitter.com/oOq9ImXtZm
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2018(e)ko abenduaren 15(a)
Iturri ofizialen arabera, 16.000 manifestari inguru bildu dira orotara, aurreko asteburuan baino nabarmen gutxiago —22.000 lagun izan ziren orduan—. Manifestariek eurek segurtasun indarrei egotzi diete jende gutxiago bildu izana. Izan ere, 8.000 polizia jarri ditu gobernuak Parisen, eta 69.000 Frantzia osoan. "Jendea beldur da, baina mugimendua ez da geldituko. Miseria handia dago", azaldu du manifestari batek.
Kalera irten direnentzat, Macronek astelehenean iragarritako gutxieneko soldaten igoera "ogi apurrak" besterik ez da. Euren aldarrikapen nagusia da herritarren ekimenak erreferendumera eramateko aukera ematea. "Guk onartu nahi ditugu gure legeak, bidezkoagoak izan daitezen", irakur daiteke banatzen dituzte afixetako batean.