Gutxitu egin da langabe kopurua, baina ez enplegua sortu delako

Aurrreko hiruhilekoan baino 1.300 langabe gutxiago zenbatu ditu INEk Hegoaldean.Behin-behinekotasunak eta kontratu partzialek gora egin dute azken urtebetean

Miren Garate.
Donostia
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ezohiko datua eman du INEren biztanleria aktiboari buruzko inkestak: jaitsi egin da langabezia, krisia hasiz geroztik estrainekoz urteko lehen hiruhileko batean. Baina lehen aldia izate horregatik bakarrik jo daiteke ontzat, bestelakoan ez baitu baikortasunerako motibo handirik uzten. Jaitsiera txikia izan da, 1.300 lagunekoa, eta okupazioa ez da gehitu, urte amaieran baino 10.400 lagun gutxiago ari dira lanean. INEk eta INSEEk emandako datuak kontuan hartuta, Gaindegiak kalkulatu du %15,9ko langabezia tasa duela Euskal Herriak. Ez da aldatu aurreko hiruhilekotik.

Herrialdez herrialde, bilakaera ezberdina izan da.Araban (+3.800) eta Nafarroan (+1.500) gora egin du langabe kopuruak, eta Bizkaian (-5.500) eta Gipuzkoan (-1.200) behera. Arabak jarraitzen du tasarik handiena izaten, %19koa,eta Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak baxuena, %12,2koa —datua behin-behinekoa da, INSEEk ez baititu eman oraindik urte hasierakoak—.

Urte arteko konparaketa eginda, puntu gehiagotan ikusten dira hobekuntzak; esaterako, kopuru hutsetan: Hegoaldean 13.500 langabe gutxiago daude, eta 16.500 landun gehiago. Hala, langabezia tasa 0,9 puntu murriztu da orotara. 25 urtez azpikoen nahiz 55 urtetik gorakoen enplegu tasak ere hobetu dira. Iaz, langabezia tasa %50etik gorakoa zen gazteen artean, eta aurten %40ra ez da iristen.

Alabaina, atzera egin da zenbait arlotan. Gero eta jende gehiago ari da lanaldi partzialean, halako kontratuak ez ziren %17ra iristen joan den urtean eta aurten %19ko tasa gainditzen dute.Aldi baterako kontratuak ere ugaritu dira, behin-behinean ari baitira bost langiletik bat baino gehiago. Langabeen erdiek baino gehiagok urtebete baino gehiago daramate enplegu bila.

Kalitate falta

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak egokiago jo du urte arteko bilakaerari erreparatzea, eta datu hori «positiboa» dela nabarmendu du. Onartu du enpleguaren sorrera oraindik txikia dela. «Ez da aski ekonomia hazten ari den neurri berean hazteko. Baina egoera hori euskal ekonomiaren ezaugarri da, ekonomia egonkorrago, astunago eta europarragoa delako». Halaber, esan du penadela sortutako enplegua ez izatea kalitate handiagokoa. «Zuhurtzia» eskatu du, hilabete batetik bestera joera alda daitekeelako, baina baikor agertu da: «Uste dugu urte bukaerako datuak iragarritakoak baino hobeak izango direla». Jaurlaritzak 15.000-20.000 lanpostu garbi sortuko direla du esanda.

Lourdes Goikoetxea Nafarroako Gobernuko presidenteordearen esanetan, berriz, ezin da esan INEk emandako datuak onak direnik, baina gogoratu du urte hasieran ohikoa izaten dela langabeziak gora egitea, eta aurtengoa azken zortzi urteetako igoerarik txikiena dela adierazi du. «Batez beste 6.000 langabe gehiago izan dira aurreko urteetan, alegia, aurten halako lau».

ELArentzat, sumintzeko modukoa da enpleguaren susperraldiaz hitz egitea. «Langabeziak gehiegizko mailan jarraitzen du, eta partzialtasuna eutsi ezineko mailara ari da iristen». Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren esanetan, «oso mugatua» da lehen hiruhilekoko jaitsiera, okupazioaren jaitsierarekin eta prekarietatearekin batera datorrelako. Lege erreformak galdegin ditu, enpleguaren kalitatea eta inbertsio publikoa nahiz pribatua sustatzeko eta soldata igoeren bidez barne eskaera handitzeko.

INEk bezala, Eustatek ere inkesta bidez kalkulatzen du langabezia. Aurreko astean eman zituen emaitzak hark, eta 2.500 langabeko igoera eman zuen lehen hiruhilekorako; INEk 2.900 langabe gutxiago zenbatu ditu EAEn. Araban dago bi erakundeen arteko ezberdintasunik handiena: Eustaten arabera, %15,3ko langabezia tasa du, eta INEren arabera, %19koa.

Azken hiruhilekoan, Euskal Herriko eta Europako Batasuneko langabezia tasen arteko aldea 0,2 puntu murriztu da, baina Euskal Herriko langabezia 5,7 puntu handiagoa da oraindik. Soilik Greziak, Espainiak, Kataluniak, Kroaziak eta Ziprek hartzen diote aurrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.