Gauerdirako ordu laurden falta zela gertatu zen lehenengo erasoa, Durangon (Bizkaia). Burua estalita zeramaten hainbat lagunek molotov koktelak jaurti zituzten Kutxabank, BBVA, Bankinter, Caixa eta Caja Laboral bankuen zazpi bulegoren aurka. Zenbaiten kutxa automatikoak erre egin zituzten, eta kristalak hautsita dituzte.
02:00etan Erandion (Bizkaia) gertatu zen erasoa. BBVA, Santander eta Kutxabanken bulegoak izan ziren erasotuak. Kasu horretan, mazo batekin erasotu zituzten kutxazain automatiko eta kristalak.
Orduerdi geroago, Erandiotik gertu, Leioan izan ziren banku bulegoen aurkako erasoak. Bi banku bulegok jasan dituzte kalteak. Maiatzaren Lehenari erreferentzia egiten dieten pintaketak agertu dira.
Oñatin, berriz, pintura bota diete lau bankuren bulegoei: BBVA, Kutxabank, Caja Laboral eta Santander.
Istiluak Bilbon
Ser irrati katearen arabera, hainbat saltokiren kristalak hautsi dituzte gaur eguerdian Bilboko Alde Zaharrean. Efe agentziak zabaldu duenez, pintura bota diete eta kalteak eragin hainbat denda eta banku bulegori.
Oraingoz ez da atxiloturik ez identifikaturik egon.