Urrezko burbuila husten ari da. Hamar urteko hazkunde etengabearen ondoren, azken 30 urtean urreak izan duen balio galerarik handiena izan du amaitu berri den urtean, eta %28 jaitsi da. Urtebete lehenago hasitako joera hori joan den urtean nabarmendu zen. Baina beheraldiak ez dauka hor geratzeko zantzurik, 2014an ere antzera jarraituko duela esan baitute Goldman Sachs inbertsio bankuaren lehengaien merkatuko adituek. Abenduan egindako ikerketa batean azaldutakoaren arabera, urreak gaur egun duen balioaren %15 galduko luke urte amaieran. Analista askoren iritziz, burbuilaren amaierako sintomak lirateke. Horrela jarraituz gero, 2015erako krisiaren aurreko mailara iritsiko litzateke urrearen balioa.
Eta hori da, hain zuzen ere, urrearen burbuilaren abiapuntua: finantza krisia. Krisi garaian aktiboak babesteko urrean inbertitzea ohikoa izaten da, historikoki horrela izan da bederen. Aktibo segurua da, eta, horregatik, inbertsioak egiteko alternatiba egokia izan ohi da egoera ekonomiko makurretan. Eta hala gertatu zen duela bost urte lehertu zen finantza krisiaren ondoren ere. Lehengai preziatuaren balioa etenik gabe eta pauso handitan hazi zen, Europak zorrarekin zeuzkan arazoei aurre egiten zien bitartean. Eta 2011ko irailean goiena jo zuen. Ontza bakoitzaren truke 1.800 dolarretik gorako balioa ere izan baitzuen urreak.
Urrearen balioak, ordea, hamabi urteko hazkundea izan du 2013 urtera arte. Aktibo gutxik izan dute halako goraldi prozesurik. Lehengaiaren oparoaldia 2000. urtean hasi zen. Hartan, ontza bakoitzaren truke 272 dolar ordaintzen zen, eta goiena jo zuen arte bere balioak %515eko hazkundea izan zuen. Ehuneko horren zatirik handiena krisi garaiko hazkundeei dagokie, burbuila puzten hasi zen garaikoa, hain zuzen ere. 2009 eta 2010 urteen artean inbertitzaileek euren kapitala gorde gura izan zuten, mundu guztiko burtsek behera egiten zuten bitartean. Lehen urtean metalaren balioa %24,3 igo zen, eta %29,5 hurrengoan.
Baina merkatuetan lasaitasuna nagusitzen hasi zen joan den urteko apirilean. Orduan, AEBetako Erreserba Federalak iragarri zuen zor publikoaren erosketa mugatuko zuela, nahiz eta pauso hori abenduan iritsi zen. Baina ordurako inbertitzaileek sumatu zuten merkatuen egonkortasuna iristen ari zela, eta euren aktiboak babeslekutik ateratzen hasi ziren. Horren ondorioz hasi zen urrearen prezioak behera egiten, inbertsio gutxiago zeudelako. Era horretan, duela hiru urteko maximo historiko hartatik %32,3 egin du behera urrearen balioak, 2013 amaieran 1.204 dolar ordaintzeraino. Hainbat analistaren arabera, joera horrek bere horretan jarraitu dezake, urrearen burbuila amaitu arte. Hau da, inbertitzaile askok etekin handiak ekarri dizkien aktibotik irteten jarraituko dute, ondoren errentagarritasun handiagoa emango dietenetara salto egiten. Arrisku handiagoa daukatenetara.
Txina, urrearen bila
Urrearen prezio jaitsiera horretan, Txinak aukera paregabea topatu du lehengai horretan gehiago inbertitzeko. Dagoeneko munduan gehien erosten duen herrialdea da, eta 2013ko hirugarren hiruhilekoan aurreko urteko epe horretako kopuruarekin alderatuta, %18 handitu zuen urrearen erosketa. Txinako biztanleen artean erdiko klasea handitzen ari den ondorioa da joera hori, inbertsioak egiteko urrean aktibo segurua ikusten baitute horietako askok. Baina urrea herrialdean bertan erostea nazioartean baino garestiagoa da, eta, horregatik, urrea inportatzen ari dira Asiako herrialdera.
Joera horren atzean bestelako asmorik ikusten duenik bada. Izan ere, Txinak yuan bere diru propioa dolarraren mendekotasunetik askatu nahi du, eta horren ordez urrearekin babestu. Era horretan, AEBetako dolarrari alternatiba berri bat sortuko litzaioke nazioartean. Hori horrela gertatuko balitz, mundu osoko ekonomiaren hautsak harrotuko lirateke.