Merkataritza liberalizatzeko saioek bultzada hartu dute berriro. Munduko Merkataritza Erakundearen bidez akordio global bat lortzeko saioek porrot egin ondoren, zonalde eta sektore jakin batzuei lotutako saiakerek hartu dute lehentasuna. Horien artean nagusienak bi dira: TPP eta TTIP. Bietan dira AEBak protagonista. TPP Trans Pacific Partnership (Lankidetza Trans Pazifikoa) beste 11 herrialderekin negoziatu du, eta gaur bertan itxi dute akordioa. Bestea, TTIP, Europako Batasunarekin ari da eztabaidatzen oraindik.
Zer da akordioa?
Merkataritza liberalizatzeko akordio zabala da. Horren barruan merkataritza trukeari ezarritako tarifak eta bidesariak murriztu edo kenduko dira. Horrekin batera, esparru askotako araudiak bateratzeko urratsa egingo dute. Esan liteke ekonomia globalizatuaren arauak eguneratzeko saiakera handiena dela.
Nortzuk negoziatu dute?
Hamabi herrialdek sinatu dute akordioa. AEB, Japonia, Malasia, Vietnam, Singapur, Brunei, Australia, Zeelanda Berria, Mexiko, Txile eta Peru.
Nolako eragina izango du?
Hamabi herrialde horiek 800 milioi laguneko merkatu erraldoia osatzen dute. Hots, Europako Batasuna baino %60 handiagoa. Munduko merkataritza trukeen %40 egiten dituzte akordioa sinatu duten herrialdeen artean.
Nor falta da?
Sinatzaile zerrenda ikusita, erantzuna garbi dago: Txina. Askoren ustez Txinak Asian duen itzalari muga jartzeko bitartekoa da hitzarmena.
Zergatik da garrantzitsua?
Munduko Merkataritza Erakundea sortzeko akordioak sinatu zirenetik, 1994. urtean, liberalizazioan sakontzeko saioek huts egin dute. Hauxe da ordudanik lortu den akordio esanguratsuena. Lehen aldia da, gainera, AEBek eta Japoniak elkarrekin lotzen dituen akordio komertziala sinatu dutela.
Noiz sartuko da indarrean?
Hamabi herrialdetako ordezkariek itxi dute akordioa, baina, indarrean sartu ahal izateko, herrialde bakoitzeko parlamentuak oniritzia eman behar dio. Ondo bidean, heldu den urterako sar liteke indarrean.
Arazoak espero dira onartzeko?
Herrialde askotan oposizioa du akordioak. AEBetan, esaterako, Obama presidenteak alderdi demokratan dituen zalantzak gainditu beharko ditu. Alderdi Errepublikanoan Donald Trump presidentegaiak akordioa «txarra» dela esan du. Kanadan bozak daude aurki, eta oposizioko alderdi nagusiak esan du irabazten badu ez duela babestuko gobernu kontserbadoreak «isilpean» sinatu duena. Bi adibide dira, baina ia herrialde guztietan daude aurkako mugimendu politiko eta sozialak.
Zer kritikatzen zaio akordioari?
Abiapuntua bera dago zalantzan. Izan ere, negoziazioen edukia sekretua izan da orain arte, eta baliteke oraindik hilabete bat pasatzea benetako testua publiko egin arte. Oro har, akordioa multinazional handien mesederako eta langile nahiz laborarien kalterako izango dela salatu dute kritikoek. Hezkuntzan, osasunean, ingurumenean edo zerbitzu publikoen kalitate eta babes mailan murrizketak susmatzen dituzte.
Zer gertatzen da auzitegi pribatuekin?
Europa AEBekin negoziatzen ari den TTIP akordioan bezala, polemikarik handiena piztu duen kontua auzitegi pribatuak dira inbertitzaieen eta gobernuen arteko gatazka juridikoak epaitzeko. TPP akordioak organo horiek egotea ahalbidetuko du, zenbait egokitzapenekin. Hori bai, Australiaren presioaren ondorioz, tabako industria itunetik kanpo geratu da. Hots, tabako industriak ezingo du akordioan babesa bilatu herrialde bat salatzeko, osasunaren alde egindako politikak direla-eta.
Zer gertatuko da lan eskubideekin?
Hasiera batean, herrialde guztiek ILO Lanaren Munduko Erakundearen oinarriak bete beharko dituzte. Horrek aldaketa handiak eragingo lituzke Vietnam, Brunei edo Malasiako egoeran — gutxieneko soldata ezarri beharko lukete, esaterako—, baina sindikatuak ezkor dira itunaren ezarpen praktikoarekin alor horretan.
Ondorioak ditu Europarentzat?
Akordioak ez du eragin zuzenik Europan, baina argudioak ematen dizkie AEBekin negoziatzen ari den TTIP itun komertziala sionatzearen alde presionatzen ari diren gobernu eta eragileei. TPPk, edonola ere, Europak oraingoz errefusatu duen auzitegi pribatuen eredua jasotzen du.