Espainiako Gobernuak finantza erakundeei etxegintzako mailegu ustelen zama kendu nahi die, baina herritarrentzako zama bihurtu gabe. Horretarako onartu du banku txarra. Beste kontu bat da hori lortuko duen edo ez.
Atzo aurkeztu zuen finantza sektorearen hiru urteko bosgarren erreforma. Banku txarra da berrikuntza nagusia. Adierazgarria da Luis De Guindos Ekonomia ministroak egun gutxitan bere hitzei gehitu dien ñabardura. Herenegun esan zuen herritarrek ez dutela «euro bakar bat ere» ordaindu beharko; Guindosek, ordea, atzo zehaztu zuen banku txarrak bereganatuko dituen aktiboen prezioak «egokia» izan behar duela, banku txarrak galerarik ez izateko eta «herritarrentzako eragina ahalik eta gehien gutxitzeko». Eragina izango duela, alegia.
Finantza erreforma Europako Batzordeak ezarritako baldintza da, finantza erakundeek erreskatea jasotzeko. Europak 100.000 milioi euro eskaini ditu, eta, kontu ikuskatzaileen arabera, Espainiako finantza erakundeek 60.000 milioi euro inguru behar dituzte.
1. 'Banku txarra'
Oihartzun gehien izan duen eta zalantza gehien eragin dituen neurria da, baina dekretuak gutxien zehazten duena. Oraindik araudia falta du. Azaroaren amaieran hasiko da lanean.
Banku txarra deitzen zaio, bere gain hartuko dituelako finantza erakundeen aktibo txarrak, aktibo toxikoak deituak. Etxegintza sektoreari emandako maileguak dira: lurzoruak erosteko, sustatzaileek etxeak egiteko, maileguak bueltatu ez dizkietelako finantza erakundeen esku geratu diren lurzorua eta etxeak... Duela zenbait urte bankuek eman zieten balioa galdu dute, eta finantza erakundeek balioaren galerari aurre egin behar diote balantzeetan. Dekretuak ez dio banku txar deitzen, aktiboak kudeatzeko sozietatea baizik.
Argitzeko dago ea finantza erakundeen etxegintzako aktiboak ze preziotan erosiko dituen eta ze preziotan salduko dituen. Prezioa funtsezkoa da. Zenbat eta merkeago erosi, banku txarrak azkarrago saldu ahal izango ditu eta diru publikoa azkarrago berreskuratuko du. Kasu horretan bankuek diru gehiago beharko dute balioaren galerari aurre egiteko. Batzuek beren dirua nahikoa izango dute; beste batzuek erreskateko dirua baliatu beharko dute.
Bankuen aktiboak garestiago erosiz gero, alderantziz gertatuko da, bankuentzat galera txikiagoa izango da, baina banku txarrarentzat zailagoa izango da saltzea eta diru publikoa berreskuratzea.
Espainiako Gobernuak finantza erakundeak etxegintzako maileguen galera handiak onartzera behartu ditu aurreko erreformetan: lurzoruaren %80, eraikitzen ari diren etxeen %65 eta eraikitako etxeen %35.
Horregatik, De Guindosek atzo esan zuen prezioa «merkea» izango dela; baina, hori bai, bankuei «kalte garrantzitsurik eragin gabe». Ekonomia ministroak «etxegintzaren burbuilaren aurreko prezioak» aipatu zituen. Prezio horiei %10 gehitu ahalko diete.
Espainiako Gobernuak banku txarraren zati handiena inbertitzaile pribatuen esku egotea nahi du. Hala izateko, aktiboak prezio erakargarrian eskaini beharko dizkie: banku txarrak aktiboak merke erosi beharko ditu garestiago saldu etainbertitzaile pribatuek negozioa egiteko.
Hasteko, inbertitzaile pribatuen zain, FROB funtsak jarriko du dirua, Europak emango dion erreskatetik. Hala ere, diruaren bidez baino gehiago, zorra jaulkita lortu nahi du dirua.
De Guindosek zehaztu zuen gauza bakanetakoa izan zen banku txarrak 10-15 urte izango dituela aktibo horiek saltzeko. Epea hain luzea izanda, etxebizitzaren merkatua lehengoratzea eta dirua berreskuratzea espero du Espainiako Gobernuak.
2. Finantza erakundeen berregituratzea
Espainiako Bankuak finantza erakundeetan esku hartu ahal izango du. Esku hartzea hiru motatakoa izan ahalko da. Arinena esku hartze goiztiarra izango da, arazoak handiegiak bihurtzea saihesteko. Esku hartze goiztiarra aplikatuko dute finantza erakunde batek arazoak dituenean, baina konpontzeko modukoak direnean: kudeatzaileak kentzea, zorra berregituratzea, akzio bihurtzeko bonu bihurgarriak uztea... Helburua da bankua bi urtean berriro errentagarria izatea.
Esku hartze goiztiarra nahikoa ez bada, berregituratzea abian jarriko lukete. Hori egiten ari dira Bankiarekin, Novagaliciarekin, CatalunyaCaixarekin eta Banco de Valenciarekin. Diru publikoa sartuko dute erakundeetan, baina itzuliko duten itxaropenarekin. Bost urtean.
Azkeneko aukera finantza erakundea desegitea da, finantza erakundeak bideragarri izateko aukerarik ez duela uste dutenean.Diru publikoa jasota ere, ez duela bueltatuko uste dutenean. Hainbat aukera dago. Esaterako, negozio ona bitarteko banku bati uztea eta negozio txarra banku txarrari ematea.
3. Akziodunek eta hartzekodunek galerak
Finantza erreformaren berrikuntzetako bat da, Europak erreskatearen truke ezarritako baldintza: erreskatatutako finantza erakundeetako akziodunek eta hartzekodunek galerak onartu beharko dituzte, erreskatea ez izateko diru publikoaren bizkar.
Dirua galtzea onartu beharko dute lehentasunezko partaidetzen jabeek. Partaidetzen truke akzioak, dirua, errenta finkoko tituluak... jasoko dituzte, baina bigarren mailako merkatuko prezioan, ordaindutakoa baino nabarmen merkeago. Diruaren %90 gal dezakete. Egoera horretan daude nazionalizatutako lau erakundeetako partaidetzen jabeak.
Hala ere, De Guindosek aipatu zuen lehentasunezko partaidetzen jabeek jarritako dirua berreskuratzen saiatuko direla, partaidetzen truke epe luzerako produktuak eskainiz, urtez urteko interesekin dirua berreskuratzeko.
4. Lehentasunezko partaidetzak
Lehentasunezko partaidetzen salmentari mugak jarri dizkiote. 100.000 euro inbertitu beharko dira, gutxienez, burtsan kotizatzen ez duten sozietateetan eta 25.000 kotizatzen dutenetan. Partaidetzak saltzen direnean erdiak inbertitzaile instituzionalentzat, inbertitzaile profesionalentzat, izan beharko dute. Neurri horiekin saihestu egin nahi dute orain arte gertatutakoa: herritar askok beren aurrezkiak inbertitu dituzte lehentasunezko partaidetzetan, konfiantzako finantza erakundeak gomendatuta eta interes altuek erakarrita, baina benetan zer ziren jakin gabe. Orain, inbertsioa berreskuratzekotan, zati txiki bat baino ezin dute berreskuratu.
5. Kaudimena
Finantza erakundeen oinarrizko kapitalak gutxienez %9koa izan beharko du 2013tik aurrera. Lehen %8koa zen banku gehienentzat.
6. Goi kargudunen soldatak
Laguntza publikoren bat jasotzen duten finantza erakundeetako goi kargudunen ordain finkoak, gehienez, 500.000 eurokoak izango dira. Lehen muga 600.000 eurokoa zen.
Finantza sektorea. Bosgarren erreforma
Hamabost urte adreiluaren fakturari buelta emateko
Espainiako Gobernuak finantza erreforma onartu du, Europak ezarritako baldintzak bete eta bankuen erreskatea jasotzekoEz dute zehaztu 'banku txarrak' ze preziotan erosiko dituen bankuen aktibo txarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu