Erdira jaitsi dira azken hamabost urteotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan istripu hilgarriak. Hala jaso du LHK Lan Harremanen Kontseiluak lan ezbeharrei eskainitako urteroko txostenean. Erakundeak 2001ean baino 27.208 gaixoaldi gutxiago (-%46,5) zenbatu zituen iaz —31.220, guztira—, eta laneko istripu hilgarrietan ere pareko jaitsiera antzeman du 2001etik 2015era arteko tartean: 67tik 28ra.
Sindikatuek, dena dela, bestelako datuak darabilte esku artean, biek ala biek Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko datuak ere aintzat hartzen dituztelako. Bai ELAk eta bai LABek 54 lan istripu hilgarri zenbatu zituzten iaz, 2014an baino 10 gehiago. Ekonomiaren "ustezko susperraldiari" eta prekaritateari egotzi ohi diote heriotza kopuruen igoera. Aurten ere hazten ari da lanean hil direnen kopurua. LABen zenbaketaren esanetan, 33 behargin hil dira dagoeneko. Azkena, hilabete hasieran, Michelinen Gasteizko lantegian, zapalduta.
Jaitsiera handiena, eraikuntzan
LHKren arabera, ezbehar "larrietan" gertatu da jaitsiera esanguratsuena: 2001ean 477 ziren, eta iaz 153, %67,9 gutxiago. Istripu "arinak" ere apaldu dira (-%48,1) hamabost urteotan: 51.065etik 26.460ra. Sektoreka, eraikuntzan jaitsi dira gehien istripuak. Laurden bat ia-ia, neurri handi batean, sektoreko jarduerak maila apalean jarraitzen duelako oraindik: 2001ean 10.467 gaixoaldi zenbatu zituzten ezbeharrengatik, eta iaz, 2.555.
Industria sektorean, berriz, -%58,8 murriztu dira istripuak, 9.094raino. Nekazaritzan eta zerbitzuetan jaitsi dira gutxien, kopurua ere beste sektoreetan baino baxuagoa zelako. Gaixotasunek eragindako lan utzialdiak %47,2 apaldu dira 2001etik; iaz soilik igo ziren (%11,6), urte arteko tasan.