Hamahiru gutxienez badira grebaren harira Iruñean atxilotutakoak. Eguerdiko manifestazioaren ondoren, istiluak izan dira grebalarien eta Poliziaren artean. Oldartu egin zaie Polizia manifestariei protestaren amaieran, Sarasate pasealekuaren inguruan. Bost pertsona atxilotu dituzte: edukiontziei su ematea leporatu diete lauri, eta besteari, autobus batzuen aurka harriak jaurtitzea. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi du, gainera, polizia bat zauritu egin dela istiluetan; zauritutako manifestarien berririk ez dute eman oraingoz.
Eguerdirako zortzi lagun atxilo hartuak zeuzkan Espainiako Poliziak. 08:30 aldera atzeman dituzte lau, Arrotxapea auzoan; Poliziak dio "kalera botatzeko materiala" eta autobusen gurpilak zulatzeko gailuak atzeman dizkietela. Horietako bat jadanik aske utzi dutela azaldu du Ateak Ireki webguneak. Burlatan atzeman dituzte beste lau, 10:15ean. Desordena publikoak eragitea egotzi diete.
Dozenaka eta dozenaka lagun identifikatu dituzte, gainera, han eta hemen. 17:00etan, honakoa da Ertzaintzaren balantzea: atxilotu bat (Donostian, desobedientzia delitua egotzita), bost inputatu eta 57 identifikatu. Piketeak zorrotz zaintzen ari dira poliziak, eta ez diete saltokietara eta lantegietara hurbiltzen utzi kasu askotan. Bilbon, El Corte Ingles inguruan, Bilduko batzarkide Aitor Torre atxikita eduki du Ertzaintzak; Bilduko iturriek BERRIAri azaldu diote Torre lasaitasuna eskatzera hurbildu dela poliziengana, eta orduan atxiki dutela. Salaketa jarriko diotela esan diote, "agintariari errespetua faltatzea" egotzita.
Tentsio une batzuk gorabehera, nahiko lasaia izaten ari da greba eguna. Hernanin (Gipuzkoa), molotov koktelak bota dituzte zenbait banketxetara; Etxarri Aranatzen (Nafarroa), bi edukiontzi erre dituzte, eta Ezkabarten (Nafarroa) pneumatikoak. Trenbideetan sabotajeak izan dira: katenaria moztu dute Bilbon eta Zaratamon (Bizkaia), baina dagoeneko bere onera etorrita dago zerbitzua —gutxienekoak ematen ari dira Renfen—. Bart gauean, Iruraitz-Gaunan (Araba) moztu dute katenaria, eta zerbitzua eten behar izan dute Gasteiz eta Altsasu (Nafarroa) artean.
"Kale borroka" eta gastuak
Egunean zehar gertatu diren istiluei buruz hitz egin dute PPk eta UPNk. Nerea Llanos PPko parlamentariak kontu hartu dio Eusko Jaurlaritzari, eta ohartarazi du "kale borroka berpizten" ari dela. Segurtasun Sailaren jardunari buruz argibideak eskatuko ditu Eusko Legebiltzarrean. UPNk, berriz, istiluetan sortutako kalteen eta kaleak garbitzeko lanen gastua sindikatuek pagatzea nahi du. Sergio Sayas bozeramaileak esan du "kalteak, pintaketak eta delituak egiteko doako barra" jartzen dela "sindikatu abertzaleek lanuzte batera deitzen duten bakoitzean".