Europako Batasuneko ekonomiaren egoera nabarmen okertuko balitz, hamar aseguru etxetatik batek hondoa joko luke. Sektorea ikuskatzeaz arduratzen den erakundeak, EIOPAk, estres azterketak egin dizkie EBko 129 aseguru konpainiari, eta ebatzi du haietatik hamahiruk kapital beharra izango luketela azterketa egiteko planteatu zaien testuinguruan; ez du izenik eman. Hala ere, oro har sektorea sendo dagoela nabarmendu du erakundeak.
Basilea III akordioak 2013tik aurrera finantza erakundeek bete beharko dituzten kapital baldintzak zehazten dituen modu berean, Kaudimen II akordioak zehazten ditu aseguru etxeek eta pentsio funtsek bete beharko dituztenak. Hain justu, estres azterketokin, akordio horrek eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten ala ez neurtu nahi izan du EIOPAk. Eta, jakinarazi duenez, ekonomiaren egoera asko okertuko balitz, 4.400 milioi euro beharko lituzkete proba gainditu ez duten hamahiru konpainia horiek.
Akzioen eta etxebizitzen prezioen jaitsieran, interes tasen igoeran, kredituen arriskuen hazkundean eta pandemia eta hondamendi naturalen ugaritzean oinarrituta, ikuskatzaileak hainbat egoera marraztu dizkie aseguru etxe eta pentsio funtsei.
Hiru gehi bat
Lehendabizikoan, merkatuetako egoera nabarmen okertzeak eragingo lituzkeen egoerak aplikatu dizkie; bigarrenean, aldagai makroekonomiko garrantzitsuenak okertzeak eragingo lituzkeenak; eta, hirugarrenean, inflazioaren hazkunde bortitz batek eta interes tasen igoera jarraitu batek eragingo lituzkeenak. Bigarren testuinguruan, hamahiru konpainiak izango lituzkete aurrera egiteko arazoak; hirugarren testuinguruan, berriz, hamarrek.
Hiru egoera hipotetiko horiez gain, EIOPAk laugarren bat ere jarri die mahai gainean EBko 129 aseguru etxe horiei, herrialdeen zor publikoarekiko zaurgarritasuna neurtzeko. Kasu horretan, defizit eta zorpetze arazoak dituzten periferiako herrialdeen egoera hartu du aintzat ikuskatzaileak, eta sei konpainiak huts egin dute. Kontuan izatekoa da Greziaren kiebra egoerarik ez duela aurreikusi. Beraz, pentsa liteke azken testuinguru horretangehiago liratekeela huts egingo luketen aseguru etxeak.
EIOPAren arabera, 129 aseguru etxeak 425.000 milioi euroko kapital soberakinarekin abiatu zuten estres azterketa, eta hipotesirik okerrenean, hutsegite gehien egon direnean, 150.000 milioi eurora murriztu zaie koltxoia. Inflazioaren igoeran oinarritutako hipotesian, berriz, 367.000 milioi euroko koltxoiarekin gainditu dute azterketa. Horiek hala, ikuskatzaileak adierazi du estres azterketen emaitzekin frogatu dela aseguru konpainien sektorea sendo dagoela kolpe potentzialei aurre egiteko.
Hamar aseguru etxetatik batek huts egin du azterketa
Ikuskatzaileak nabarmendu du oro har EBko aseguru konpainiak eta pentsio funtsak sendo daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu