Hamar emakume baserritarretik bakarra da profesionala Gipuzkoan

Lehen sektorean emakumeak ez desagertzeko neurriak eskatu dizkio Ebelek administrazioari. Martxoaren 8an planto egiteko dei egin die emakume baserritarrei

Jon Fernandez.
Donostia
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lehen sektorean ordaindu eta aitortu gabeko lan asko egiten dute emakumeek. Ondorio nagusi hori atera du Ebel Emakume Baserritarren Elkarteak. Gipuzkoako emakume baserritarren errealitatea aztertu du EHNE sindikatuko elkarteak, lurraldeko Foru Aldundiko Berdintasun Sailak emandako diru laguntza batzuen bidez. Lehen sektoreko emakumeen egoera «aldrebeskeria» hutsa dela esplikatu zuten Ebeleko kideek, atzo, Donostian. Ez dira harritu azterketak ateratako argazkiarekin, beraiek bizi duten errealitatea baita, eta egoera iraultzeko neurriak eskatu dizkiote administrazioari.

Azaldu dutenez, hamarretik emakume bakarra da baserritar profesionala, nahiz eta hamarretik zazpik egiten duten lan baserrian. «Hamar horietatik lauk baserritik kanpo egiten dute lan, eta, ondoren, baserriko lana ere egiten dute».

Baserriko lanorduak ere neurtu dituzte. Emakume baserritar profesionalek astean 51,5 ordu egiten dituzte lan. Baina soldata baserritik kanpo irabazten dutenek ere gero lan egiten dute baserrian, eta, guztira, astean 50,1 ordu egiten dituzte lan: 37 ordu kanpoko ogibidean, eta beste hamahiru ordu baserrian. Areago, erretiratuta dauden emakume askok ere jarraitzen dute baserrian beharrean, eta horiek astean 16,4 ordu egiten dituzte lan.

Ustiategietako jabetzari dagokionez, hamar emakumetatik seik daukate baserriaren titulartasuna. Baina horrek ez du errealitatea islatzen, hamarretik emakume bakarra ari baita profesionalki lanean baserrian. Ebeleko kideek esplikatu dutenez, gainontzeko kasuetan, komenentziagatik jartzen da baserria emakumearen izenean, «bikotea erretiratuta egonda komeni zaielako emakumearen izenean jartzea, edo errentaren gorabeherengatik».

Ebeleko kideek nabarmendu dute arriskua dagoela emakume baserritarren belaunaldi erreleboa hausteko. Izan ere, hamar emakume baserritarretik bi baino ez dira 50 urte baino gazteagoak. Hamarretik sei 50 urtetik gorakoak dira, eta hamarretik bi 80 urtetik gorakoak.

«Egoerak okerrera egin du hainbat alderditan, eta horrela jarraituz gero garbi dago lehen sektoreko emakumeen figura ezerezean geratuko dela, eta, ondorioz, lehen sektorearen etorkizuna hari batetik zintzilik geratuko dela», ohartarazi zuen Rosa Arregi Ebeleko kideak.

Halaber, emakumeen bizkar gainean erortzen da zaintzaren zama ere. Esate baterako, menpeko pertsonak bizi diren baserrietako familien %80tan emakumeak arduratzen dira zaintza lanaz, EBELen azterketaren arabera.

Gizonen inplikazio beharra

Datuok eskuan izanik, Ebelek eta Gipuzkoako EHNEk administrazioari eskatu diote emakume baserritarrek «ekonomikoki eta sozialki egiten duten lana aitortzeko» eta egoerari buelta emateko neurriak hartzeko. «Denon esku hartzea behar du egoera honek, eta ikerketak erakutsitako argazkiaren aurrean inork ezin du beste aldera begiratu». Besteak beste, nekazaritzako ustiapenen gaineko presio fiskala txikitzeko eskatu dute, eta sektoreko eskulana balioestea.

Gipuzkoako EHNEko presidente Garikoitz Nazabalek gaineratu zuen sindikatuan eta sektorean ere badituztela etxeko lanak egiteko: «Gizonezko baserritarrok ere kontzientziatu egin behar dugu, eta inplikazio gehiago izan behar dugu, zaintza eta etxeko lanak ere geure egiteko».

Halaber, martxoaren 8ko emakumeen grebarekin bat egin du Ebelek, eta planto egitera deitu ditu baserritar emakumeak: «Munduaren erdiak planto eginda sortzen den kaosa irudikatzea da asmoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.