Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu ditu Nafarroako Erriberan, beren esanetara zituzten langileen eskubideak urratu dituztelakoan. Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez, 60 inguru izan daitezke esplotatutako langileak eta atzerritarrak dira guztiak, gehienak portugaldarrak. Nekazaritzako beharretan aritzen ziren.
Ikerketak iazko urrian hasi zituen Guardia Zibilak. Baina argitu du urteak direla gisa horretako jarduerez ohartu zela, alegia, hainbat enpresaburu portugaldarrek beren herrikideak legez kanpoko lan baldintzetan zituztela. Langile horietako gehienak erabat alfabetatu gabeak dira, idazten eta irakurtzen ez dakitenak, eta batere sustraitu gabeko familiak dituztenak.
Enpresaburuak Portugalera joan ohi ziren langile bila, eta nekazaritza sektoreko lanpostuak eskaintzen zizkieten, «soldata ona, lo egiteko lekua eta janaria» aginduta.
Behin Nafarroara iritsita, «bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak» jartzen zizkieten enpresaburuek langileei, «janari oso gutxi» ematen zieten, «lanaldi oso luzeak» betearazten zizkieten eta «agindutakoaren erdia baino gutxiago» ordaintzen zieten.
Guardi Zibilaren arabera, kasu batzuetan langileek etxetik irten eta kaletik buelta bat emateko baimena eskatu behar izaten zieten nagusiei. Sistema horrek diru sarrera handiak eragiten zizkien enpresaburuei, lanik egin gabe bizitzeko adinakoak.
Hamar atxilotuek 26 eta 48 urte artean dituzte, portugaldarrak dira guztiak, eta Arguedas, Cabanillas eta Fontellasen bizi ziren. Behin polizia eginbideak argituta, agintari judizialen esku utzi dituzte atxilotuak.
Hamar enpresaburu atxilotu dituzte Nafarroan, langileen eskubideak urratzeagatik
Janari gutxi eta soldata txikiak ematen zizkieten langileei, eta lanaldi luzeak betetzera behartzen zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu