Andoaingo Construceramica Ruiz Arlegui enpresan aritu zen, 1969tik 1977ra, Cirilo Silicio 61 urteko langilea. Aurreko ostiralean zendu zen, pleura minbizia gainditu ezinik. Zortzi urtez amiantoarekin aritu zen, "inolako babesik gabe", eta "hark eragin zion" heriotzara eraman duen gaixotasuna, CCOO sindikatuak salatu duenez. Dagoeneko, 2014an amiantoak hil duen hamargarren langilea da, sindikatuen datuen arabera.
Osalanek gaixotasunaren jatorri profesionala iker dezan, helegitea jarri zuen CCOOk Lan Ikuskaritzan, joan den apirilean. "Gaixotasunaren eboluzio azkarrak ez dio utzi langileari errekonozimendu hori ikusten". Hala ere, gaitzak jatorri profesioala izan zuela argitzeko lanetan jarraituko du sindikatuak, modu horretan konpentsazio ekonomikoak egon daitezen.
Amiantoak "Euskadin eragindako minbiziaren epidemia" itsasmendiaren tontorra baino ez dela dio CCOOk. Amiantoarekin lanean aritutako langile ohi guztien erregistroa eginez gero kopuruak hamar aldiz handiagoak liratekeela uste du sindikatuak. Horretarako, ordea, Osakidetzak gaixotasun batek jatorri profesionala duen susmoaren berri eman behar du, eta CCOOk ez du garbi uzten kasu guztietan horrela gertatzen dela.