Sestaoko Naval ontziolak enplegua erregulatzeko espedientea aurkezteko asmoa azaldu zien atzo sindikatuei. Zuzendaritzaren arabera, erregulazioa taldeka eragingo die langileei, lan kargaren arabera aplikatuko da eta asko jota beharginen %58ri eragingo die. Sindikatuak, ordea, beldur dira dosierra langile guztiei eragingo dien.
Ontziolak 410 langile ditu, eta beste 1.250 enplegatzen ditu azpikontratutako enpresen bidez. Dosierra amaituta, ontziolak enpleguari eusteko bermea eskatu dio CCOOk Navaleko zuzendaritzari. «Lan kargaren agortzea ez da langileen errua», gogorarazi du sindikatu horrek.
Navaleko zuzendaritzak jakinarazi duenez, lan faltak behartu du espedientea aurkeztera. Sestaoko ontziolak joan den astean bukatu zuen Simon Stevin draga-ontzia, Belgikako Jan de Nul ontzijabearentzat. Apirilean beste draga bat amaitu behar dute, eta 2011 hasieran dute entregatzekoa ontziolan duten azken agindua.
Ontzigintzaren krisia ez dagokio soilik Navali, baizik eta sektore osoari. Dagoeneko urte eta erdi igaro da Euskal Herriko ontziolek azken azken enkargua jaso zutenetik. Aurretik lortutako kontratuei esker aurten hogei itsasontzi bukatuko dituzte, eta datorren urtean beste hamar entregatu behar dituzte. Euskadiko Itsas Industrien Elkartearen azken datuen arabera, 8.000 lagun ari dira sektorean, baina 2010a bukatzen denerako beste 3.000 langilek enplegua galduko dutela uste du.
Hamar langiletik seiri eragingo dien dosierra aurkeztuko du Navalek
Krisiaren ondorioz lan karga berriak lortzerik ez duela argudiatu du untziolako zuzendaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu