Sindikatu denek deituta (CGT, CFDT, CFE-CGC, CFTC, FO, UNSA, FSU eta Solidairesek), gaur ere greba egin dute Ipar Euskal Herrian -hemen LABek ere egin du deialdia- eta Frantziako Errepublikan, krisi ekonomikoaren eragina salatzeko eta Nicolas Sarkozy presidentearen neurrien aurka egiteko. Greba orokor deialdia egin dute, hain justu; urtarrilaren 29an ere egin zuten.
Baionan goizean milaka lagunek manifestazioa egin dute. Antolatzaileen arabera, hamalau mila lagun izan dira, urtarrilaren 29koan bezala. Frantziako Poliziak dio hamar mila batu direla. Arlo publikoko eta pribatuko eragileak eta langileak bildu dira, besteak beste. Sainte Ursule plazatik abiatu da ekimena, 10:00etan, eta San Andres plazatik barna San Leon bidegurutzera eta handik Herriko Etxera joan da.
Grebak jarraipen handia izan du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Lapurdin: posta zerbitzuan, tren zerbitzuan, irakaskuntzan... Dena dela, saltoki ugari zabalik izan da.
Frantzian ere ekimen ugari egin dute, eta nabari izan da greba deialdia. Pariskoa izan da manifestazio nagusia; sindikatuek diote 300.000 lagun bildu direla -Poliziak 80.000ko kopurua eman du-. Frantzia osoan hiru milioi pertsonek hartu dute parte ekitaldietan.
Erosteko ahalmena eta kontsumoa sustatzeko neurri eraginkorrak eskatu dituzte berriro sindikatuek. Haien aburuz, Sarkozyren neurriekin "lan mundua ahantzia izan da eta enpresaburuei opariak egin dizkiete. Frantziako presidenteak ez ditu kontuan hartu nahi gure gizartearen funtsezko arazoak".
Sindikatuek soldaten, erretreten, pentsioen eta gutxiengo errenten igotzea aldarrikatzen dute. Halaber, kalitateko zerbitzu publikoak garatzea nahi dute, beste hainbat neurriren artetik. Krisiari aurre egiteko, soldatak eta erretretak Europa osoan igo behar direla diote, baina Europako agintariak ez direla mahai baten inguruan biltzen deitoratu dute.
Bihar bertan beste bilera bat eginen dute sindikatuek, mobilizazioei zer segida eman erabakitzeko. Horren arabera greba egun gehiago eta denbora tarte murritzagoan egitea aztertzea ez dute baztertu haietako zenbaitek. Dena dela, ez daukate greba luzerik inposatzeko asmorik.
Donostiako Orfeoiak emanaldirik ez gaur Tolosan
Donostiako Orfeoia Tolosan kantatzekoa zen gaur, baina grebagatik ez du emanaldirik egingo. Bihar Parisen izango dute ekitaldia.
EkoNOMIA
Hamar mila lagun pasa bildu dira Baionako manifestazioan, greba orokor egunean
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian lanuztea egin dute, sindikatu denek deituta. Krisi ekonomikoa dela-eta, erosteko ahalmena eta kontsumoa sustatzeko neurri eraginkorrak eskatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu