Eurostat agentziak emandako datuen arabera, langabeziak behera egin du apirilean eurogunean, baina ez %11ren mugatik jaisteko bezainbeste. Hamarren bat behera eginda, %11,1 da langabezia tasa euroa dibisa gisa erabiltzen duten herrialdeen multzoan. Europako Batasunean, berriz, ez da aldaketarik izan martxotik apirilera, eta %9,7 da oraindik ere tasa.
Azken urtebetean, ordea, jaitsiera argiak islatzen dituzte datuek hala eurogunean nola Europako Batasunean, batean eta bestean sei hamarren jaitsi baita langabezia tasa hamabi hilabetean.
Euroguneko langabezia daturik apalena Alemaniak dauka (%4,7), batasunetik inoizko daturik onena; tasarik okerrena, berriz, Greziarena da (%25,4). Gertu dauka Espainiak, ordea, datu txar hori (%22,7). Orain urtebeteko datuekin alderatuta, Espainia da, berriz, jaitsiera handiena izan duena (%24,9tik %22,7ra); azken hamabi hilabeetan tasa txikiagotu dutenen artean dira Lituania (%11,1 %8,9ra) eta Irlanda ere (%11,8tik %9,7ra). Handitu dutenen artean, berriz, Belgika azaltzen da (%8,4tik %8,5ra), eta baita Errumania (%6,8tik %6,9ra), Austria (%5,5tik %5,7ra), Frantzia (%10,1tik %10,5ra), Kroazia (%17,1tik %17,5ra) eta Finlandia ere (%8,5tik %9,4ra).