Hamaseina hilabeteko zigorra greba egunean atxilotutako hiru laguni

Atarrabian atzeman zuten grebalariak karguak ukatu ditu, eta fiskalak bi urteko zigorra eskatu du

Poliziaren oldarraldia, Iruñean, El Corte Ingles saltokiaren parean, irailaren 26an. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Irailaren 26ko greba egunean atxilotutako hiru laguni hamaseina hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete, agintaritzaren aurkako atentatu delitua egotzita. Fiskalak azaldu du hirurak Iruñeko Alde Zaharrean zeudela, hogeita hamar bat laguneko talde batean, eta Espainiako Poliziaren aurka «harriak, botilak eta objektu gogorrak» jaurti zituztela.

Kartzela zigorrarekin batera, hiru lagunetako biri isuna ezarri diete, lesio falta bat leporatuta: bakoitzak 30 egunez isuna ordaindu beharko du, hamar euro eguneko. Epaiketa egin beharrik ez da izan, aurretik zigorraren gaineko akordioa lortu baitute bi aldeek.

Greba egunean atxilotutako beste lagun baten aurkako epaiketa izan zen atzo. Fiskaltzak bi urteko zigorra eskatu du harentzat, atentatua leporatuta, edo horren ordez, urtebetekoa, erresistentziagatik. Atarrabian Polizia hirurogeiren bat laguneko talde batera gerturatu zen, eta fiskalaren arabera, une horretanakusatuak aurre egin zien poliziei, jarrera «probokatzaile» batekin. Fiskalak dio akusatuak uko egin ziola bere burua identifikatzeari, eta jarrera «bortitza» mantendu zuela. Polizia bati hanka batean belaunkada bat ematea ere leporatu dio; grebalariak, ordea, guztia ukatu du.

Guztira gutxienez hamabost lagun atxilotu zituzten greba egunean. Joan den astean, hain zuzen, hamahiru lagunek Nafarroako Justizia Jauregian salatu zuten Espainiako Poliziaren eta Nafarroako Foruzaingoaren hainbat oldarralditan zauritu egin zirela. Dagoeneko hamabost lagunek aurkeztu dute salaketaren bat.

Parlamentua, grebaren alde

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak gaitzetsi egin zituen atzo greba egunean izandako istiluak, PPNren eta Ezkerraren ekimenez. Parlamentuak egun hartako «istilu larriak» kondenatu ditu, babesa agertu die kalteak jasan zituzten saltokietako jabeei eta egun horretan segurtasun indarrek egindako lana aitortu du. Grebarako eskubidea errespetatzearen alde ere agertu da.

PPNk egindako proposamen batek, aldiz, ez du aurrera egin. Aurrerantzean grebara deitzen dutenek egun horretan dauden kalteak bere gain har ditzaten nahi du, eta prest legoke legedian beharrezko aldaketak egiteko. PSNk, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak aurka bozkatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.