Zer gertatuko litzateke egun batetik bestera etxe azpiko okindegia, zapata denda, aseguru etxea, arrandegia, harategia eta taberna kolpe batez itxiko balituzte? Bizia galduko luke herriak? Dendari txikiak omen dira udalerrietako neurgailu fidagarrienak. Onerako eta txarrerako: aberastasunaren isla batzuetan, estutasunaren seinale bestetzuetan. Ataka gaitzean daude krisiak jo zituenetik, «zulotik irten ezinik». Saltzaile askoren kexu ozena da, eta muturrekoa dirudiena uste baino gertuago egon daiteke. Merkataritza guneak ez dira atzo goizeko kontuak; bai, ordea, horien etenik gabeko ugaltzeak. Esklusiboki periferietara kondenatutako eremu hutsetatik herrigune preziatuenetara hurbiltzen ari dira. Erosotasuna dela, aniztasuna dela... Itzalak gero eta zitalagoak dira denda txikiengan.
Kontrapuntua da: salmentak %2,6 handitu dituzte 2015ean, eta 3.000 lanpostu sortu. Ez da aski. Denden galera-jasa eten ezinean dabiltza: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bakarrik 256 saltokik itxi zituzten iaz ateak; ia egunero pertsiana jaitsi zuen dendari batek, ez igotzeko. Eta okerrena: egoerak ez du aldatzeko itxurarik. 76 elkarte, 18.000 enpresa eta autonomo batzen dituen Euskomer patronalak %2,5eko hazkundea iragarri du 2016rako. Salmentetan. Itxieren mehatxuak hor dirau. Donostia da horren isla: bost urteotan %15 apaldu zaio komertzio txikien sarea.
Kezkaz bizi dute saltoki txikietako jabeek supermerkatu handien etorrera. Oiartzualdean eta Bidasoan, Euskal Herrian merkataritza dentsitate handienetakoa duten eskualdetako bitan, pilatuta daude merkataritza gune indartsuak, eta, aldi berean, ohitura tradizionalekiko atxikimendua ez dago sobera. Masifikazio hori ez da hutsala: eskualdeotako merkatu kuotaren %85 dagokie. Kezkagarriena ez da hori, haietako askok kanpoaldetik erdigunerako bidea ikasi dutela baizik. Justuki, eta paradoxikoa iduri balezake ere, «askatasunak» eragiten die itolarria dendari txikiei; merkataritza guneak nonahi, noiznahi eta nolanahi zabaltzeko askatasunak.
Gehiegi puztutako puxikaren sintomak igartzen hasi dira marka erraldoiak. Hiru urte daramatza Nafarroan Espainiako supermerkatu sare boteretsuenak, Mercadonak. Kostata, baina gose lurreratu zen, eskualde orotan hozka egin nahian, asetzeko gogoz. Asmoak ez ziren gutxiagorako: bost urtean hogei supermerkatu ireki, eta 800 lanpostu sortuko zituela hitzeman zuen. Baina hitzak irentsi ditu, eta erritmoa moteltzea beste biderik ez zaio geratu: zortzi supermerkaturekin, asko jota beste bi zabalduko ditu. Handira jokatu, eta errealitate gordinarekin egin du topo: biztanleria gain behera doa, kontsumoa ez da behar adina igo eta lehiakideekiko borroka zurrunagoa da. Eta abiadura mugarik gabeko errepide zirudiena bihurgunez beteriko malda bihurtu zaio.
Katea ez da eten. EAEn saltokiak paratzeko erronkari ere heldu zion 2014an. Sei urtean 25 supermerkatu irekitzeko helburua jarri zion bere buruari, baina bi urtera, kilker hotsen oihartzuna martxan diren saltokiena —zazpi besterik ez— baino handiagoa da. Aldaketa haizea dabil, baina oraingoz, behintzat, ez esku-frenoa sakatzeko modukoa. Eroskik argaltzeko dietari ekin dio: 36 supermerkatu saldu, eta erroetara jo du, indarra saltoki txikiagoetan jarrita. Arrazoia? Bankuekin duen zorra kitatzea. Frankizien hedapenari eutsi dio, berriz, alternatiba bihurtu baitira dendari txikientzat. Ez salbuespenez. DIA da gehien hazten ari den marka: %15 igo ditu salmentak. Uvesco taldea ere markak hautsi eta hautsi dabil.
Areago, saltoki handien finantza ahalek bultzatutako ordutegi malgutasunak min egiten die txikiei. Solaskide zorrotzen hormak dituzte parean. Baionako Ikearena, kasurako: sortzen diren bi lanpostuko, hiru suntsitzen dira. Zabalkundea vs iraupena. Hori gutxi balitz bezala, merkatari txikiek galtzak bete lan dituzte parte zaharretan komertzioak ipintzeko. Saltoki handiek, ez: periferia dute oraindik gotorleku. Legea ere bai: Gorenak oniritzia eman dio Donostiako Garbera handitzeari. Lehiatzeko betarik gabe geratzen dira saltoki txikiak, urteetan zaildutako tokia galtzen. Soluzioa? Sektorea mugatzea eta desabantailak kentzea. Argia da eskaria.
Tokikoa lehenets dadin, kanpainaz kanpaina aritzea egokitzen zaie maiz saltoki txikiei, eskean. Euskomerren ustez, aldiz, haiek ere badute zer egina. Hordagoa bota die. Ez da berdina dendak merkatuaren menpe egotea edo merkatua denden menpe: marken erakusleiho soilak ez izatea, garai berrietara egokitzea, bereiztea eta Interneten ere saltzea. Horra gomendio sorta. Jantziak probatu eta arriskatzeko aldia iritsi zaie, jokotik at, biluzik, ez geratzeko. Erlojua aurka dute: arropen %40 birtualki erosten dira ja.