Zoriontzekoa da bertako haragiaren alde egitea, ez horrenbeste marketin tresna gisa erabiltzea". Gipuzkoako EHNE eta Enba sindikatuek gogor kritikatu dute zenbait saltokik bertako haragiari ematen dioten erabilera. Eroskiren jarduna salatu dute bereziki. Ohar bateratua kaleratu dute: "Azkenaldian sarritan entzun dugu bertako produktuaren aldeko apustua egin dutela hainbat saltokik, tartean Eroskik, baina bertako haragia propagandarako erabiltzearen kontra gaude".
Baserritarrek dituzten "margen estuak" kontuan hartuta, gisa horretako erabakiek haien lana "hutsaren pare" geratzeko arriskuan jartzen dutela ohartarazi dute. "Horrekin ez dugu esan nahi kontsumitzaileei aurrezteko aukera eskaintzea kaltegarria denik. Gure haragiari zor zaion tartea eskaini behar zaiola aldarrikatu nahi dugu, besterik ez".
Kontsumo arduratsua
Kontsumitzaileak "ez erabiltzeko" ere eskatu dute. "Maiz ikusten dugu marketinaren bidez egia erdiak esaten direla, eta ez dugu nahi gure haragia erabiltzea kontsumitzaileak nahasteko". Ezinbestekotzat jo dute kontsumo arduratsua bultzatzea. "Zer erosten dugun eta erosketa horrekin zer sustatzen dugun badakiten pertsonak behar ditugu, ez soilik otarrak betetzen dituztenak; areago, behin haragiaren edo behi esnearen sektorean jasaten ari diren egoera larria aintzat hartuta". Ez zaie arrazoirik falta: Hego Euskal Herriak ia 38.000 behiburu galdu ditu azken hamar urteotan.
Duela bi aste, Eusko Labeleko behi haragia saltzen dutenek 'Basque Label Harategia' izendapena erakustea sostengatu zuten zenbait eragilek —tartean EHNE eta Enba sindikatuek—, Eusko Jaurlaritzako eta hiru aldundietako ordezkariekin batera. Behi haragiaren kontsumoa eta salmenta haz daitezen erabaki dute marka berria sortzea.