Bizkaikoaren pareko erantzuna izan du grebak Araban, eta aldeak ikusi dira eskualde batetik bestera. Jaurlaritzak %11,5eko datua aipatu du, eta sindikatuek, industriako emaitzak oinarri hartuta, %32koa. Lantegi handi batzuk zabalik egon dira Gasteiz inguruan —Michelin eta Mercedes, adibidez—, baina haietan ere eragina jasan dute, sindikatuen arabera. SEA Arabako enpresarien elkarteak eman du datu apalena: haren arabera, %9 eskasekoa izan da jarraipena.
Enpresa handi batzuetan eragina izan duela nabarmendu dute sindikatuek; Alestisen eta Arcelorren, adibidez. Horretaz gain, eraikuntzan "jarraipen agerikoa" izan dela adierazi dute. haranetan izan du eragina lanuzteak, hiriburuan baino gehiago; eta bereziki Lautadan. Gasteizen bertan ez da aparteko gorabeherarik izan; hiriko autobusetan %60ko jarraipena lortu dutela nabarmendu dute sindikatuek. Jaurlaritzaren egoitza nagusian %22,3 ez direla lanera joan berri eman du gobernuak; %30eko kopurua eman dute sindikatuek.
Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura zuten gaur, eta protesta egin dute atarian. EH Bilduko parlamentariek ez dute bilkuran parte hartu, grebarekin bat egin baitute.
Piketeak goizean goizetik ibili dira Gasteizko industrialdeetan eta sarreretan. Betoñon, Zabalganan eta Gamarran, adibidez, blokeatuta eduki dituzte sarrerak, baina istilurik ez da sortu Poliziarekin. Agurainen ere pikete jendetsu bat ibili da goizean.