EHUNGINTZA

Haria gehiegi tenkatu du Txinak

Europako eta AEBetako ehun ekoizleek Txinaren esportazioak murrizteko exijitu dute merkatua liberalizatu eta bi hilabetera

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2005eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Merkatu ekonomian Txinak ez du lehiarik. Ehungintzako kuoten sistema bertan behera gelditu zen urte hasieran, eta bi hilabete eta 25 egun igaro direla, munduko fabrikaren esportazioak kontrolatzeko neurriak exijitu dituzte Europako Batasunekoeta AEBetako ekoizleek. Monopolio arriskua dela eta lanpostuak barra-barra galduko direla argudiatu dute. Txinak erantzun die hamar urte izan dituztela sektorea egoera berrira moldatzeko, eta Munduko Merkataritza Erakundearen sinesgarritasuna jokoan dela.

1970. urteaz geroztik ehungintzako eta jantzigintzako inportazioak kontrolatzen jardun da MME. 1995. urtean erabaki zuten ituna azkenekoz berritzea eta 2005ean sistema bertan behera uztea. Epemuga iristerako, liberalizazioaren aurkako tresnak abian jartzea exijituko zutela mehatxatu zuten Europako eta AEBetako ekoizleek, eta esandakoa bete nahi dute. Babes neurrien eskaera eraginkorra izan dadin, herrialdeek frogatu beharko dute Txinaren lehiak enpresen biziraupena arriskuan jarri duela. Alegia, ekoizleek nahi bezainbeste aldarrikapen egin ahal dituzte, baina gobernuburuek exijitu behar dute prozesua abian jartzea. Artean inork ez du egin.Euratexek (Europako ehun eta jantzigintza industriaren elkartea) Europako Batzordeari helarazi dizkio kexak. Esportazioen kopurua eta prezioak onartezinak direla salatu du Bill Lakin Euratexeko zuzendari nagusiak. 12 produkturen esportazioak kontrolatzea galdegin du: jertseak, galtzak, alkandorak eta galtzerdiak, besteak beste. Zenbait ondasunen Txinako inportazioak %625 hazi dira urtarrilean, %46,5 batez bestez. Lan kostu apalez gain, prezioak %36 merkatu dituela salatu dute.Bi milioi eta erdi lagunek jarduten dute Europan ehungintzan eta jantzigintzan. 165.000 lanpostu galdu ziren iaz, baina sindikatuek ohartu dute aldaketarik ezean, egoera are gehiago kaskartuko dela. Babes neurrien eskaera ondo hausnartutako erabakia dela nabarmendu du Lakinek. «Garaia heldu da Txinako esportatzaileek Europako merkatuarekiko duten gose aseezinari mugak jartzeko».Ehungintzako enpresen kezkaren berri badutela erantzun die Bruselak. Françoise Le Bail Europako Batzordeko bozeramaileak azaldu duenez, artean ez dute urtarrileko eta otsaileko inportazioen behin betiko daturik. Beraz, ezin ezer egin. Apirilerako izango direla iragarri dute. Beranduegi Euratexentzat: Jarrera motela egotzi diote Europako Batzordeari.

«Autodiziplina» sustatuz

Txinako estatistika erakundeak azkarragoak izan dira eta argitaratu dute 2005eko urtarrilean %46,5 hazi zirela Europako ehun inportazioak. AEBetan %43,4 ehunarenak, eta %80,2 jantzigintzakoak. AEBen inguruan mintzatu da Wang Shenyang Txinako Merkataritza Ganberako zuzendaria eta aurreratu du salmentak azkarregi haziz gero, neurriak aztertuko dituztela.

Esportazioak gertutik gainbegiratuko direla nabarmendu du Bo Xilai Txinako Merkataritzako ministroak. Hazkunde egonkorra bermatzeko, esportaziorako interesak %1,3ra igoko direla aurreratu du. Era berean, enpresa bakoitzaren «autodiziplina» sustatuko dute, produktibitatea hobetu eta prezioak egonkortu daitezen.Monopolio birtuala izango dela iragarri du Auggie Tantillo AEBetako Ekoizleen Ekintza Taldeko (AMTC) zuzendariak. Salatu du zenbait ehunetan %1.000 hazi direla Txinako inportazioak. George W. Bush buru duen gobernua ahalegindu da urratsak egiten, baina auzitegiek bidea moztu diote. Saltzaileen eta kontsumitzaileen onurak argudiatu dituzte epaileek.Garatzeko bidean diren herrialdeentzat egoera ez da gozoagoa. Salmenta maila zehatza bermatzeko tresna zen kuota sistema, baina orain lehiakide handiagoei eta merkeagoei aurre egin behar diete. Bangladeshen eta Pakistanen esportazioen %75 inguru ehungintzakoak ziren. %21,3 murriztu dira Bangladeshen. Kanputxean ehungintza nagusi da, baina lehengai eta tresna guztiak atzerritik erosten dituztenez, ez dira horren lehiakorrak.Babes mekanismoak aurrera eginez gero, Txinaren urtez urteko esportazioen hazkundeak ezin izango du %7,5eko proportzioa gainditu. MMEn sartzeko hainbat baldintza onartarazi zizkioten Txinari, eta 241. artikuluko xedapen horiek salbamena izan daitezke lehiakideentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.