EHUNGINTZA

Hartzekodunak etorkizunaren jabe

4,5 milioi euroko teknologia inbertsioak ez dira aski izan lan kostu merkeko lehiari aurre egiteko

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2005eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Garatze bidean diren herrialdeen lehia jasanezina izan da Juan Burgos Pamplona enpresarentzat. Aurretik ere une txarrak igaro dituzten arren, liberalizazioak ordainketa etendura ekarri die. Bere etorkizunak Cascantekoa (Nafarroa) ere baldintzatuko du, herriko langileen %30 inguruk berton jarduten baitute. 170ek zehazki. Hartzekodunengan dute itxaropen osoa.

Duela 70 urte sortu zen kotoizko ehunak ekoizten dituen konpainia, eta kostuetako lehiak zalantzan jarri du beren etorkizuna. «Zailtasun handiak izan ditugu, beraien ekoizpen kostuak nabarmen apalagoak baitira», argudiatu dute zuzendaritzako iturriek mezu baten bidez.Punta-puntako azpiegitura teknologikoekin erantzun nahi izan dute, baina ezinezkoa. Azken ekitaldiotan egindako 4,5 milioi euroko inbertsioek ez dute aldaketa zantzurik ekarri. Garai batean astean 70.000 metro koadro oihaleko eskariak zirenak, orain 10.000 baino ez dira. Eguberrietatik aurrera, are gehiago nabarmendu da eskarien geldotasuna.

Etorkizunerako plangintza

Aurrera egiteko, «esfortzu handiak» egiten jardun direla nabarmendu du enpresak. Emaitzak kaskartu diren arren, ez daude etsita. Hartzekodun taldeak ekar dezakeen etorkizunerako plangintzak krisialdia konponduko duela espero baitu zuzendaritzak.

Hainbat ekimen jarri dituzte abian jada. Manifestazio jendetsua antolatu zuten otsailaren 26an, 570 pertsona inguru bizi diren herrian. Laguntza mozioarekin erantzun die Udalak. Nafarroako Gobernuko Merkataritza Sailari eta patronalari «ehungintzaren aldeko ituna hitzartu dezaten» exijitzeko konpromisoa hartu dute. Baita langileen batzordean nagusi diren CCOOk eta UGTk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.