Hasi dira Araluceko makineria ateratzen, Ertzaintzaren laguntzarekin

Epaitegi batek agindu du fabrika hustea. Langileek materiala atxikita zeukaten azaroaren hasieratik, protesta gisa, enpresaren itxiera dela eta.

jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 26a
17:00
Entzun

Egindako lana eta erabilitako tresnak beren lantokitik nola ateratzen dituzten ikusi dute Araluce enpresako langileek. Azaroaren 8tik atxikia zuten makineria eta produkzioa, aurreikusitako kaleratzeen aurrean protesta egiteko. Batz kooperatiba da Igorreko (Bizkaia) lantegiaren egungo jabea, eta planta horretako makineria eta produkzioarena ere bai. Hala ebatzi zuen Bilboko Merkataritza arloko 2. Epaitegiak aurreko astean.

Ostegun honetan hasi dira epaia betetzen. Epaitegiak jarritako konkurtsoko administratzailea hara joan da, Ertzaintzak prestatutako operatibo handi batekin eta materiala ateratzeko kamioiekin. Han topo egin dute langileekin: haiek protesta egin dute, baina ez dute erresistentziarik jarri. Dena den, Batzen kontrako salaketa jarriko dute Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzan, greba batzordeari instalazioetara sartzea «galarazi» diotelako.

Batzek lantegia itxi zuenean ere izan ziren poliziak, azaro hasieran; ordutik, greban daude langileak. Itxialdiak eta manifestazioak egin dituzte, eta, protesta gisa, atxikia izan dute materiala. Automobilgintzarako trokelgintzan aritu da Araluce.

Batzen ustez, Araluceko produkzioaren «bahiketak» arriskuan jartzen du kooperatibaren etorkizuna, eta azaldu du makineria eta produzitutakoa salduz ordaindu nahi dituela Aralucekoen kaleratzeak. Negoziazioak blokeatuta daude; epaitegietan dago auzia. Langileek ez zuten onartu Batzen itxiera patronala eta likidazio proposamena; orain, konkurtsoko administratzaile batena da itxieraren ardura.

Arratiako eskualdean oihartzun handia izaten ari da auzia. Hangoak dira Araluceko 141 langile eta Batzeko 700 kooperatibista gehienak.

Mondragon «erantzule»

ELA sindikatuak ohar bat kaleratu du azken gertakarien harira. Euskal Herrian, «aurrekaririk gabeko erasotzat» jo du «beren lanpostuei eusten saiatzen ari diren langile batzuen aurka» egin izana, eta «mugimendu kooperatibista» —zehazki, Mondragon korporazioa (MCC)— egin du «erasoaren erantzule». «Bazkide kooperatibistak ez direnak eskubiderik gabeko langiletzat hartzen dituzte. Kapitalismorik basatiena, talde baten eskuetan, MCC, balio sozial batzuk defendatzen dituela esaten duena».

LAB ere gogor mintzatu da enpresa ixtearen aurka; egin den modua «legez kanpokoa» dela azpimarratu du. Sindikatuaren ustez, gertatutakoa auzitara eraman izana kaltegarria da alde guztientzat, eta Mondragoni eskatu dio «jarrera inposatzaileak» baztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.